Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 24a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

LONDRESKO EUSKAL KONTSEILU NAZIONALA ETA EUSKAL-FRANTZIAR ITUNA

EUZKADIKO KONTSEILU NAZIONALAREN JATORRIA ETA SORRERA

1940an, Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen bere egoitza. Alabaina, alemanek Frantzia inbaditu zuten eta gertaera horrek ondorio oso garrantzitsuak izan zituen Eusko Jaurlaritzarentzat. Alde batetik, Jose Antonio Agirre lehendakaria desagertu egin zen, ezin irtenik geratu baitzen Belgikan, eta Amerikara ihes egin ondoren, urte bat baino gehiago egin zuen berriro agertzeko. Beste aldetik, Eusko Jaurlaritzako sailburuek ezkutatu behar izan zuten Frantzian, eta handik ateratzea lortu zutenek Amerikara jo behar izan zuten, lehendakariak berak egin zuen bezala. Hala, alemanek Parisko egoitza hartu zuten eta, geroago, Francoren gobernuari eman zioten.

Alemenen okupazioak eraginda, Eusko Jaurlaritzaren makineria administratiboa asko desitxuratu zen. Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ordezkaritzek bakarrik jarraitu zuten irekita. Europako bakarra Londresen zegoen, eta Jose Ignacio Lizasok zuzentzen zuen. Londresekoaz gain, New Yorken, Buenos Airesen, Mexiko eta Caracasen bana zeuden, eta Santo Domingon beste bat ireki berri zuten.

1939ko urteaz geroztik, Manuel de Irujo ere Londresen bizi zen, EAJ alderdiaren diputatua, Eusko Legebiltzarkide Taldeko lehendakaria eta Errepublikako ministro ohia. Orobat, Ingalaterran aterpe hartu zuten, batetik, Frantziatik ihes egitea lortu zuten eta zona libreko Euskadi Buru Batzarra osatu zuten EAJko buruzagi batzuek (Luis Arredondo, Elias Etxebarria eta Antonio Gamarra); bestetik, gerra zibila amaitzean etxera ez itzultzea erabaki zuten merkataritza itsasgizon askok, …, eta, azkenik, euskal kolonia txiki batek, zeina osatzen zuten, batik bat, 1937an, Habana trasatlantikoan, Southampton-era atera zituzten umeek.

Ikusirik Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburuak desagertuta zeudela eta ordezkaritza mailako hutsune bat zegoela, Ingalaterran zeuden Euskadi Buru Batzarreko buruzagiek, Irujok eta Londreseko delegatu Lizasok erabaki zuten organismo bat sortzea, hutsune hori behin-behinean bete eta gobernu lanak aurrera eramateko. Organismo hori 1940eko uztailaren 11n eratu zen eta Euzkadi'ko Batzar Nagusia deitu zioten. Honela osatu zen:

  • Lehendakaria: Manuel de Irujo.
  • Lehendakariordea: Ramon Mª Aldasoro (Buenos Aireseko ordezkaria).
  • Bokalak: Isaac Lopez Mendizabal (Buenos Aireseko ordezkaritzakoa); Santiago Cunchillos (Buenos Aireseko ordezkaritzakoa); Pablo de Artxanko (Buenos Aireseko ordezkaritzakoa); Juan Olazabal (Caracaseko ordezkaria); Francisco Belaustegigoitia (Mexikoko ordezkaria); Manuel Sota (New Yorkeko ordezkaria); eta Jose Ignacio de Lizaso (Londreseko ordezkaria).
  • Bokal idazkaria: Angel Gondra (Londreseko ordezkaritzakoa).

Kontseilariei ez zitzaien eginkizun jakinik eman eta Londresen bizi ziren hiru kideek (Irujo, Lizaso eta Gondra) osatu zuten batzorde iraunkorra. Azken buruan, batzorde iraunkor horrek hartu zituen bere gain Kontseiluari zegozkion erabakiak eta jarduketak. Egoitza Londresen jarri zuten eta Kontseilu Nazionalak 1942ko urtarrilaren 28ra arte jarraitu zuen lanean, hau da, harik eta Agirre lehendakaria Amerikatik itzuli eta euskaldunen munduko ordezkaritza gorena bere gain hartu arte.

11-Oficiales-con-miembros-del-CNV-y-EBB-Sep-1941.jpg
Oficiales del 3er. Batallón y miembros del PNV y del Consejo Nacional de Euzkadi (de izquierda a derecha): médico de 1ª Angel Agirretxe, Elías Etxebarria, alférez de navío de 2ª Juan de Basabe, Luis Arredondo, capitan de corbeta Servando Marenco, Manuel de Irujo (presidente del CNE), capitán de corbeta Juan de Arce, Antonio Gamarra, alférez de navío de 1ª José María de Ballabriga, José Ignacio de Lizaso, aspirante Servando Marenco y alférez de navío de 1ª Antonio González.

FRANTZIA LIBREAREKIN EGIN ZEN HITZARMENA

Kontseilu Nazionalak bere burua aurkeztu zuen ofizialki, eta harremanetan jarri zen Ingalaterrako Kanpo Harremanetako Ministerioarekin (Foreing Office), Txekoslobiako, Poloniako, Jugoslaviako, Belgikako eta Norvegiako erbesteko gobernuekin, Frantziar Inperioaren Defentsarako Kontseiluarekin (Frantzia Librea) eta Londresen akreditutako enbaxadekin; zehazki, Estatu Batuetako eta iberoamerikar herrialdekoekin. Ingalaterrako gobernuarekin egin ziren harreman zuzenek ez zuten Kontseilu Nazionalak nahi zituen emaitzak eman. Izan ere, gerraren bilakaerak behartuta, britainiarrek erabaki zuten Francoren aurreko jokamoldea baretzea. Ingalaterrak, hain zuzen, kosta ala kosta nahi zuen Franco gerran ez sartzea, Gibraltarreko base estrategikoari ez ziezaion eraso egin.

Hala, britainiarrek berek Lizasori iradoki zioten egokiena zela euskaldunak Frantzia Librearekin harremanetan jartzea, auzo herrialdeak zirenez gero. Berehala egiaztatu ahal izan zen harreman horiek frantsesen interesa ere piztu zutela. Lankidetza hitzarmen batera iristeko elkarrizketak abenduaren 15ean hasi ziren; izan ere, egun horretan, Euzkadiko Kontseilu Nazionalak frantziar-euskal hitzarmenaren lehen aurreproiektu bat aurkeztu zion Frantziar Inperioaren Defentsarako Kontseiluari. Negoziatzen sei hilabete egin ondoren, hitzarmenaren testua prest zegoen. Hiru ziren hitzarmenaren alderdi aipagarrienak: euskaldun boluntarioak Frantziar Indar Libreen unitate batean sartzea; elkarlan ekonomikoa eta komertziala; eta informazioko euskal zerbitzuek frantses zerbitzuei laguntzea.

Hala, 1941eko maiatzaren 17an, arratsaldeko 16:30ean, hitzarmenaren agiria sinatu zuten Frantziar Kontseiluaren egoitzan (Carlton Gardens, 4. zenbakia). Frantziaren aldetik azaldu ziren René Cassin, Maurice Dejean, Escarrá komandantea eta Elene Souchère, eta Euskal Kontseiluaren aldetik, berriz, Jose Ignacio Lizaso eta Angel Gondra. Hitzarmena Cassinek eta Lizasok sinatu zuten. Testuaren kopiak egin ziren frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz. Hitzarmenak garrantzi historiko oso handia izan zuen, zeren eta frantses agintaritza batek, lehen aldiz, zuzenbide publikoko erakundeen kategoria aitortzen zion euskal herritarren organismo ordezkari bati. Beste aldetik, euskaraz sinatutako nazioarteko lehen hitzarmena da. Bitxikeria bezala aipatu daiteke bi sinatzaileak euskaldunak izan zirela, zeren eta René Cassin, geroago Nobel Saria eman ziotena, Baionakoa baitzen.

Hitzarmena berretsia izan zen bi kontseiluetako lehendakarien arteko telegrama trukaketa baten bidez. Maiatzaren 26an, Irujok telegrama bat bidali zion De Gaulli, zeina garai haietan Kairon zegoen, eta De Gaullek, maiatzaren 30ean, beste telegrama baten bidez erantzun zion, eta besteak beste zera adierazi zion: Gure bi herrion arteko elkarlana euskarri sendoa izango da gure etsaiak borrokatzeko eta munduan askatasun nazionalen garaipena lortzeko. Aldi berean, maiatzaren 27 eta 28an, hitzarmenaren sinaduraren eta edukiaren berri eman zieten Ingalaterrako Kanpo Harremanetako Ministerioari (Foreign Office) eta Iparramerikako enbaxadari.

12-Oficiales-del-3er.-Batallon-de-Fusileros-Marinos-(Sep.-1941).jpg
Oficiales del 3er. Batallón y miembros del PNV y del Consejo Nacional de Euzkadi (de izquierda a derecha): médico de 1ª Angel Agirretxe, Elías Etxebarria, alférez de navío de 2ª Juan de Basabe, Luis Arredondo, capitan de corbeta Servando Marenco, Manuel de Irujo (presidente del CNE), capitán de corbeta Juan de Arce, Antonio Gamarra, alférez de navío de 1ª José María de Ballabriga, José Ignacio de Lizaso, aspirante Servando Marenco y alférez de navío de 1ª Antonio González.

HITZARMENA BETETZEKO ZAILTASUNAK

Gobernu britainiarrak, hasieratik bertatik, ez zuen begi onez ikusi hitzarmena. Horren berri izan zutenean, Kanpo Harremanetako Ministerioko goi funtzionarioek elkarrizketa bat izan zuten Escarrá-rekin, ekainaren 7an. Bi egun geroago, Escarrá-k gutun bat bidali zion Lizasori, hitzez hitz hau adierazteko: “Gobernu britainiarrak irizten dio, batetik, hitzarmena erabat isilpean gorde behar dela nahitaez, eta bestetik, hitzarmenaren exekuzioa eten egin behar dela, beste agindu bat eman arte. Gobernu britainiarrak adierazi duen desira gertaera berritzat hartu behar dugu, eta men egin behar diogu. Noski, exekuzio-etendura honek ez dio batere baliorik kentzen legez izenpetu dugun hitzarmenari.

Nahiz eta britainiarren jarrerak ez zuen zirrikitu askorik uzten hitzarmena aplikatzeko, adostutako neurri batzuk abian jarri zituzten diskrezio osoz. Euskal boluntarioak Frantziar Indar Libreetan sartzea izan zen garapen handiena izan zuen neurria. 1941ko urtean, euskal unitate militar bat eratzeko lehen gestioan egin ziren. Hala, gestio horiei esker, Frantziar Itsas Indar Libreetako Itsas Fusilarien 3. Batailoia sortu zuten. Dena den, proiektu horrek ere porrot egin zuen, britainiarren esku-hartzea dela medio. Izan ere, ingelesak ez zeuden euskaldunak Frantziar Indar Libreetan sartzearen aurka, baina bai euskaldunek beren unitate propioak antolatzearen aurka. Hala, batailoi sortu berria desegin egin zuten 1942ko maiatzaren 23an.

Hitzarmeneko beste alderdiek ez zuten tamaina horretako garapenik izan, askoz txikiagoa baizik; garapen teorikoa besterik ez zuten izan gehienetan. Batzordeak osatu zituzten, bilera egin zituzten, baita azterketa batzuk eta, are, izendapen batzuk ere, baina horrek guztiak ez zuen emaitza nabarmenik eman. Agian, Frantziar Afrika Ekuatorialera “merkataritza” misio bat bidaltzea izan zen harreman horien ondorio praktiko bakarra. Itsas Fusilarien Batailoiko bi ofizialek osatu zuten misioa, eta horien egiazko eginkizuna izan zen alemanek Muni eskualdean zuten ezkutuko jarduna zaintzea, informazioa bilatzea eta, Espainia gerran sartu zitekeela-eta, operazio bat prestatzea. Baina misio horrek ere porrot egin zuen, batailoia desegin zenez eta bi ofizialek itzuli egin behar izan zutenez.

Hitzarmena sinatzeak frantsesen eta euskaldunen artean sortu zuen giro egoki horretaz baliatuz, kultur harremanetan ere sakontzen saiatu ziren. Hainbat kontseilari frantsesekin eta De Gaulle berarekin harreman batzuk izan ondoren, 1942ko irailaren 10ean Europa Mendebaldeko Herrien Kultur Batasuna eratu zuten, Londreseko Frantziar Institutuaren itzalean. Kultur Batasunaren estutuek bide emanda, urriaren 25ean euskal taldea sortu zen, eta katalanek ere beren taldea sortu zuten. Kultur Batasunak hitzaldiak, lehiaketak eta erakusketak antolatu zituen, baina britainiarrek, egokitasunaren goreneko arrazoiak zeudela eta, amaiera eman zioten ekimen horri 1943an.

Agirre lehendakariak, Amerikatik itzuli ondoren Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritza hartu zuenean, bera partaide zela hitzarmena berresteko nahi bizia agertu zuen. 1942ko urtarrilaren 28an, Lizasok helburu horrekin gutun bat bidali zion De Gaulli, eta bi lehendakarien artean gutun trukaketa bat egitea proposatu zion. Nahiz eta De Gaullek ez zuen aurkako jarrerarik erakutsi, Lizasok eskatutakoa ez zen inoiz bete. Frantzia liberatuta, eta frantziar gobernua Parisen ezarrita, egoera asko aldatu zen. Gobernu britainiarrak bai gobernu frantsesari bat euskal ordezkaritzari jakinarazi zien ezen frantziar-euskal hitzarmenaren aplikazio etendura eta sekretua altxatuta geratzen zirela Britainia Handiari zegokionez. Baina hitzarmenak ez zuen ondorio praktiko gehiagorik izan, nahiz eta erreferentzia-puntu bat izan zen beste unitate militar bat abian jartzeko. Gernika Batailoia izan zuen izena, eta alemanen kontra borrokatu zen 1945ean, Point de Grave inguruan.

 

Itsas armaden zerrendara itzuli