Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 21a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Euzkadi’ko Gudontzidiaren Ekintzak (1936-37)

1936-10-15
Joaquín Egia Untzueta Eusko Jaurlaritzako Defentsa Departamentuko Itsas Saileko buru izendatu zuten.
1936-11-01
A.Andreev merkantzia ontzi sobietarra armaz kargaturik iritsi zen Bilbora, Joaquín Egiak berak Domayo arrantzuntzian itsas zabalean jaso eta portura gidatu ondoren.
1936-11-01
Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoak urriaren 30eko dekretuak argitaratu zituen, Hispania, Euzkal-Erria, Mistral eta Vendaval bakailontziak konfiskatzekoak.
Destructor VELASCO
1936-11-10
Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoak azaroaren 4ko Dekretua argitaratu zuen, Itsasoko Bolondresgoa sortzekoa, Euzkadiko Gudontzidiko pertsonala erreklutatzeko oinarriak ipini zituena.
1936-11-15
Velasco destruktore errebeldeak (Francisco Nuñez korbeta-kapitaina) eraso egin zien Mistral (Manuel Galdós kapitaina) eta Euzkal-Erria (Augusto Fernández kapitaina) bouei, Pasaiatik 40 miliara-edo, Frantziarantz zihoazela lau merkantzia ontzi jasotzera. Bouek aurre egin zioten eta elkarri tiro egitean Velasco destruktorea harrapatu eta erretiratu egin behar izan zuen matxuratuta; Mistral bouak ere hartu zuen metrailla kolperen bat, kalte arinak bakarrik eragin zizkiona.
Ontzia Tonak Abiadura Eskifaia Armamentua Bajak
Mistral 1.252 t 11 korapilo 42 1-101,6 mm.,1-76,2 mm. 2 zauritu
Euzkal-Erria 1.190 t 10,5 korapilo 38 1-101,6 mm.  
Velasco 1.315 t 34 korapilo 86 3-101,6 mm., 2-47 mm., 1 mt. - 20 mm. 1 zauritu
Mercante Artza Mendi.jpg
1936-11-16
Mistral eta Euzkal-Erria bouak Bilbora itzuli ziren merkantzia ontzirik gabe; haren sarrera babesteko Hispania (Santiago Asolo kapitaina) atera zen, Artza-Mendi merkantzia ontzia ere eskoltatu zuena, Leningradetik baitzetorren arma kargamentu garrantzitsu batekin.
1936-11-17/18
Lau merkantzia ontziak 17ko iluntzean irten ziren Baionatik, eta 18an sartu Bilbon Euzkal-Erria eta Vendavalek eskoltatuta.
1936-12-2/3
Euzkal-Erria, Mistral eta Vendavalek Baionatik Mar Rojo merkantzia ontzia eskoltatu eta harekin batera sartu ziren Bilbon 3an.
1936-12-5/6
Virgen del Carmen bou frankistaren eskifaia matxinatu eta Bilbora eraman zuen. Gero Euzkadiko Gudontzidiko Donostia bihurtu zen.
1936-12-15
Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoak abenduaren 9ko dekretuak argitaratu zituen. Haien bidez izen berriak ipini zizkieten bouei: Araba (Hispania ohia), Bizkaya (Euzkal-Erria ohia), Gipuzkoa (Mistral ohia) eta Nabarra (Vendaval ohia); eta haien komandanteak ere izendatu zituzten.
1936-12-19/20
Lau bouak batera irten ziren lehen aldiz, tiro ariketak egitera eta zainketa eginkizunean. Hilak 20, Bizkayak (Alejo Bilbao komandantea) Pluto merkantzia ontzi alemaniarra atxilotu zuen Matxitxako lurmuturretik 6 milia iparrera. Haiei Nabarra batu zitzaien, eta, Bilbora zeramatela, Armada Errepublikarreko Buruzagitzaren agindua jaso zuten aske utz zezaten.
Bou BIZKAYA atracando
1936-12-23
Bizkayak Ogoño lurmuturraren iparraldean Palos merkantzia ontzi alemaniarra atxilotu zuen. Nabarrak harekin bat egin, eta bien artean Bilboraino eskoltatu zuten. Han atxiki egin zuten.
1936-12-28
Gipuzkoak Santanderko uretan Isla de Gran Canaria merkantzia ontzia ikusi zuen, Valentziatik baitzetorren elikagaiz beterik, eta Bilboraino eskoltatu zuen. Iluntzean Königsberg gurutzontzi alemaniarra agertu zen Bilbon Palosen itzulketa eskatzeko, ordurako erabakita baitzegoen hura askatzea. Palos gauean irten zen Bilbotik, baina kargamentuaren puska bat konfiskatuta eta Espainiako pasaportea zuen bidaiari bat gabe.
1937-01-01
bou frankistek eraso egindako Blackhill merkantzia ontzi ingelesa babestera irten ziren Gipuzkoa eta Bizkaya, eta gero Miguel merkantzia ontzia eskoltatu zuten.
Bou Nabarra
1937-01-08
Nabarra (Enrique Moreno komandantea) han zegoenari eskerrak ez zuten Bilbo gauez minatu Velascok (Francisco Núñez korbeta-kapitaina) eta Genovevak (José Mª Ragel korbeta-kapitaina). Kanoi tiroak elkarri joka aritu ziren Velasco eta Nabarra, baina ondoriorik sortu gabe.
Ontzia Tonak Abiadura Eskifaia Armamentua Bajak
Nabarra 1.204 t 11 korapilo 44 1-101,6 mm., 2 mt.-8 mm.  
Velasco 1.315 t 34 korapilo 86 3-101,6 mm., 2-47 mm., 1 mt.- 20 mm.,
60 mina
 
Genoveva 1.869 t 10 korapilo   100 mina  
1937-01-12
Gipuzkoak eta Nabarrak Baionatik zetorren Candina merkantzia ontzia eskoltatu zuten, eta gero Ingalaterratik iristen ari zen Gobeo petroliontzia lagundu zuten.
1937-01-16/17
Araba eta Nabarra bouek eta José Luis Díez destruktore errepublikarrak hilaren 16an Mar Rojo baporea eskoltatu zuten, goizaldean sartu baitzen Bilbon. Gau hartan bertan Velascok eta Genovevak gaueko minaketari berrekin zioten. Hilaren 17an, goizaldean, Goizeko-Izarrak (Antonio Zinkunegi kapitaina) mina baten kontra jo eta hondoratu egin zen bere 17 tripulatzaileekin.
Destructor Jose Luis Diez
1937-01-18
Velascok utzitako mina-eremua miatu nahian, Mari-Toya minaketariak beste mina baten kontra jo eta hondoratu egin zen, eta tripulatzaileetako 6 hil ziren, besteak beste, minak jasotzeko zerbitzua zuzentzen zuen ofizial errepublikarra.
1937-02-01
Euzkadiko Gudontzidiak bere gain hartu zituen mina miaketa lanak. José Mª Burgaña kapitaina Portugaleteko Itsas ordezkari izendatu zuten, eta zerbitzuaren antolaketaz arduratu zen. Beste kapitain bat arduratu zen minaketarien ontzitaldeko zuzeneko aginteaz. Martxoaren bukaerarako minarik gabe gelditu ziren Bilborako sarrera guztiak.
1937-02-08
Gipuzkoa, Nabarra eta Bizkaya bouek eta José Luis Díez destruktoreak Baionatik Bilboraino eskoltatu zuten Briquetas Zorroza baporea.
1937-02-15
Lehengo asteko ontzi berek María Amalia eta Fernando L. de Ibarra merkantzia ontziak eskoltatu zituzten Baionatik Bilboraino.
1937-02-19
Velascok berriro ipini zituen minak Bilboko sarreretan Castro Urdiales aldetik.
1937-02-27
Donostia eta Iparreko-Izarra bouek, zainketa eginkizunetan, Baionatik zetorren Blackhill merkantzia ontzia babestu zuten Bilbon sartzerakoan.
Bou Gipuzkoa en el Abra Febreo 1937
1937-03-05
Gipuzkoak (Manuel Galdós komandantea), Bizkayak (Alejo Bilbao komandantea), Nabarrak (Enrique Moreno komandantea) eta Donostiak (Francisco Elortegi komandantea) Galdames merkantzia ontzia Baionatik Bilbora eskoltatzen zutenean topo egin zuten Canarias (Salvador Moreno ontzi-kapitaina) gurutzontzi erreboltariarekin, Yorkbrook merkantzi ontzia harrapatu berria zuenarekin. Canariasek Gipuzkoari eraso egin eta jo egin zuen. Galea eta Luzero lurmuturretako bateriek tiro egin zioten Canariasi, eta urrundu egin zen. Aldi berean, Gipuzkoa, suak hartuta, Portugaleten babestu zen, zenbait hildako eta zauritu zeramatzala. Bien bitartean, Bizkayak Yorkbrook askatu, eta berarekin sartu zen Bermeon. Canariasek gero beste ontziekin Matxitxako lurmutarraren aurrean topo egin eta tiro egin zuen, aurrena Galdamesen kontra eta gero eskoltako ontzien kontra. Borroka gogor eta luze baten ondoren, Nabarra hondoratu egin zen eta 29 tripulatzaileak hil egin ziren, komandantea ere bai. Canariasek bizirik atera zirenak jaso eta Galdames atxilotu zuen. Donostia Frantziara erretiratu zen, matxura arin batzuk zituela, eta hilaren 6an Arcachonen sartu zen, eta 12an, matxura gehiago izan eta gero, La Pallicen sartu zen, eta han segitu zuen gerra amaitu arte.
Ontzia Tonak Abiadura Eskifaia Armamentua Bajak
Gipuzkoa 1.252 t 11 korapilo 51 2-101,6 mm., 2 mt.-8 mm. 5 h., 12 z.
Bizkaya 1.190 t 10,5 korapilo 51 2-101,6 mm., 2 mt.-8 mm.  
Nabarra 1.204 t 11 korapilo 49 2-101,6 mm., 2 mt.-8 mm. 29 h., 20 atxi. (2 z.)
Donostia 287 t 10 korapilo 30 1-76,2 mm., 1-47 mm., 2 mt.-8 mm., 6 sakonera karga  
Canarias 12.230 t 33 korapilo 1.000 8-203,2 mm., 8-120 mm., 2-57 mm., 4-40 mm. 1 h., 1 z.
Bou Nabarra Vista de perfil Febrero 37.jpg
1937-03-12
Bizkayak Bilbotik Bermeoraino eskoltatu zuen Yorkbrook.
1937-03-28/29
Iparreko-Izarrak (Pedro Ruiz de Loizaga kapitaina) Altsu-Mendi atoiontzia eta Virgen del Carmen gabarra eskoltatu zituen, Saltacaballora baitzihoazen mea kargatzera.
1937-04-02
Iparreko-Izarrak oraingo honetan Ayeta-Mendi atoiontzia eta Virgen del Carmen gabarra eskoltatu zituen, egun batzuk lehenagoko gauza bera egiten ari baitziren.
1937-04-06
Gobernu frankistak Bilboko itsas blokeoa gauzatzeko erabakia argitaratu zuen. Ingalaterrak eta Frantziak ez zuten aitortu, eta merkantzia ontzien kontrola 3 miliako tartearen barruan bakarrik onartzen zuten. Egun horretan bertan lehen gorabehera gertatu zen, Galerna eta Almirante Cervera ontzi frankistek Thorpehall merkantzi ontzi ingelesa atxilotu nahi izan zutenean. Hori laguntzera hiru destruktore ingeles iritsi ziren, eta Bilbon sartzea lortu zuen.
1937-04-20
Donibane Lohizunetik zetorrela Bilbora iritsi zen Seven Seas Spray merkantzi ontzi ingelesa, elikagaiz beterik, eta bidaia inork eragotzi gabe egin zuen. José Luis Díez, Císcar, Bizkaya eta Iparreko-Izarra itsasoratu egin ziren hura eskoltatzeko azkeneko tartean.
Crucero CERVERA
1937-04-23
Galernak eta Cerverak Bilbon sartu nahian ari ziren hiru merkantzia ontzi ingeles geldiarazi zituzten. Haiek laguntzera hiru gerraontzi ingeles etorri ziren eta harrera egitera Bizkaya eta Iparreko-Izarra atera ziren. Galea lurmuturreko bateria ontzi frankisten kontra tiroka hasi, eta azkenean merkantzia ontziak Bilbon sartu ziren. Hurrengo egunetan merkantzia ontzi gehiago sartu ziren Bilborako hornigaiz beteta.
1937-04-27
Ontzitaldeko buruaren agindupean (Angel Gabiña kapitaina) zenbait minaketarik Lekeitioko populazio zibila ebakuatzen lagundu zuten. Hurrengo egunean, itsasoz eta lehorrez iritsitako gudaroste italiarrek herria hartu zuten. Jarraiko egunetan beste herri batzuk ere ebakuatu zituzten: Elantxobe, Bermeo, Mundaka, ...
1937-04-29
Velascok minak ipini zituen Bilbo aurrean gauez. Mina guztiak euskal minaketariek lau egunean jaso zituzten, baja bat bera ere izan gabe.
1937-04-30
España korazatu frankistak Santander aurrean mina batekin topo egin eta hondoratu egin zen, eta hala erreboltariek ipinitako minen biktimarik garrantzitsuena bihurtu zen.
1937-05-01
Císcar, Gipuzkoa eta Bizkayak aurreko egunean italiarrek hartutako Bermeo bonbardatu zuten, Euzko Gudarozteak populazioari egindako kontraeraso bati laguntzeko. Portugaleteko bonbardaketan itota hil zen San Isidro txalupako tripulatzaile bat.
Bou Bizkaya en servicio de escolta el 21-4-37
1937-05-06
Bilboko populazio zibila itsasoz ebakuatzen hasi ziren. Ebakuazioa ekainaren 15a arte luzatu zen. Hartan zenbait nazionalitatetako merkantzia ontziek parte hartu zuten, eta bereziki Habana transatlantikoak eta Goizeko-Izarra yateak. Ontziak Císcar destruktoreak eta Bizkaya eta Gipuzkoa bouek eskoltatu zituzten nazioarteko uretaraino, eta handik aurrera ontzi ingelesek, eta batzuetan frantsesek.
1937-05-21
Císcarrek ustekabez D-18 minaketaria Abran abordatu eta hondoratu egin zuen.
1937-05-22/23
Txepetx kanoa azkarrak (Policarpo Bilbao kapitaina) Portugaletetik Baionara eraman zituen Sabino Aranaren ustezko gorpuzkinak, lurperatuta izan ziren benetako tokia ezkutatzeko amarru bat eginez.
1937-05-31
Iluntzean, Euzkadiko Gudontzidiko eta Ertzainako indarrak José Luis Díez eta Císcar destruktoreez jabetu eta haien dotazioak kanporatu zituzten, aginte errepublikarrak hala eskatuta. Hurrengo egunetan Euzkadiko Gudontzidiko ofizial eta marineletan 200 baino gehiago ontziratu ziren, lehengo eskifaiak ordezteko, haiekin ez baitziren fio. Egun batzuk lehenago ere 9 kabo eta marinel ontziratu ziren C-6 itsaspekoan, bajak betetzeko.
Destructor CISCAR
1937-06-08
Císcarrek, euskal eskifaia zuenak, Bilboraino eskoltatu zuen Gobeo petroliontzia, 50 miliatatik.
1937-06-10
Císcarrek (Juan Antonio Castro ontzi-alfereza) eta José Luis Díezek (Evaristo López ontzi-tenientea) elkarrekiko tiroketa bat izan zuten Cerverarekin (Manuel Moreu ontzi-kapitaina), baina ez zuen ondoriorik izan.
Ontzia Tonak Abiadura Eskifaia Armamentua Bajak
Jose Luis Diez 2.087 t 36 korapilo 175 5-120 mm., 1-76,2 mm., 6 TT  
Ciscar 2.175 t 36 korapilo 175 4-120 mm., 2-76,2 mm., 6 TT  
Alm. Cervera 9.237 t 33 korapilo 566 8-152,4 mm., 4-101,6 mm., 2-47 mm.,
12 TT
 
1937-06-13
Portugaleteren kontra airez egindako eraso batean D-15 eta D-24 minaketariak hondoratu zituzten. Beste ontzi batzuk ere jo zituzten eta gauzaez utzi, hala nola, D-20 eta L-2.
1937-06-14
Epailla 5 yateak ihes egin zuen Baionara gauez.
Yate GOIZEKO IZARRA
1937-06-15
Císcar eta José Luis Díez Bilbo utzi eta Frantziara abiatu ziren errefuxiatuz beterik eta zenbait pertsona ospetsu zibil nahiz militar zeramatzatela, bidaiaz baliatu baitziren desertatzeko. Gipuzkoa, Bizkaya eta Iparreko-Izarra Santoñara abiatu ziren, eta han, geroago, Gazteiz elkartu zitzaien.
1937-06-18
D-12, D-16, D-17 eta L-6 minaketariak Santoñara bidean jarri ziren. L-4 Frantziara joan zen, eta beste minaketari eta txalupa lagungarriak Santanderrera, beste hauek izan ezik: D-5 eta D-6, Belgikara bidali baitzituzten maiatzean arma kargamentu bat ekartzeko, eta D-3 eta D-4, Frantzian baitzeuden garai hartan. Cervera gurutzontzi erreboltariak (Manuel Moreu ontzi-kapitaina), hiru bouk babestuta, Santoñan babestutako euskal ontziak bonbardatu zituen, eta Gipuzkoa harrapatu (Policarpo Bilbao komandantea). Eskifaiak bere burua uretara bota eta haietako bat itota hil zen. Bizkayak (Avelino Gonzalez 1. ofiziala) bonbardaketari erantzun, eta haren tiroak eskoltako bouetatik gertu erori ziren. Egun batzuk geroago euskal bouei artilleria kendu zieten.
Ontzia Tonak Abiadura Eskifaia Armamentua Bajak
Gipuzkoa 1.252 t 11 korapilo 55 2-101,6 mm., 2 mt.-8 mm. 1 h., 3 z.
Bizkaya 1.190 t 10,5 korapilo 56 2-101,6 mm., 2 mt.-8 mm.  
Iparreko Izarra 136 t 10 korapilo 23 1-57 mm., 1 mt.-8 mm.  
Alm. Cervera 7.975 t 33 korapilo 566 8-152,4 mm., 4-101,6 mm.,
2-47 mm., 12 TT
 
Galerna 1.204 t 11 korapilo 69 2-101,6 mm., 2-47 mm.  
Ciriza 262 t 9 korapilo 34 1-76,2 mm., 1-47 mm.  
Fantastico 254 t 10,5 korapilo 34 2-57 mm., 2 mt.  
Bou ARABA Semihundido en Sestao Julio 37
1937-06-19
Frankistek Bilbo hartu zuten. Ibaian alde batera utzita gelditu ziren Araba (hondoratuta, harrapatua izatea galarazteko), Iruña (dikean), D-20 eta L-2 (gauzaez).
1937-06-20/21
Císcar eta José Luis Díez Penintsulara itzuli ziren. Handik egun gutxi batzuetara haien euskal tripulatzaile gehienak lehorreratuak izan ziren.
1937-07-02
Júpiterrek minak paratu zituen Santander aurrean. D-9, D-10, D-19, D-21, D-22 eta D-23 euskal minaketariek eta L-1 eta L-3 txalupek jardun zuten minak miatzen.
1937-07-12
Agente frankistek Baionan Epailla 5aren jabe egin eta Hondarribira eraman zuten.
1937-07-16/31
Felisa Rodalek eta Rodal Barreirok minak ipini zituzten Gijón eta Avilés bitartean. Irailean eta urrian euskal minaketari batzuek mina-eremu horien miaketa lanetan ere lagundu zuten.
1937-08-01
Euzkadiko Gudontzidiak Santanderren Armada Errepublikarrari eskualdatu zizkion L-1, L-3, D-9, D-10, D-11, D-21, D-22 eta D-23 ontziak, eskifaiak eta guzti, Bizkaiko Itsasoan bere miaketa zerbitzua antola zezan.
1937-08-05
Santoñan Gipuzkoa, Bizkaya eta Iparreko-Izarrako ikurriña jaitsi zuten, Armada Errepublikarraren esku utzi behar izan zituztelako. Gauez 3 bouak Santanderrera joan ziren.
Bou BIZKAYA
1937-08-09
D-5 eta D-6, azken hilabeteetan isilpean arma garraioan ibilitakoak, La Pallicen sartu ziren. Handik gutxira Sables d’Olonnera lekualdatu zituzten, eta han gelditu ziren behin betiko.
1937-08-14
D-12, D-16, D-17 eta L-6 minaketariak Santoñatik Santanderra zihoazela, D-12 eta D-17k hondarpe batean jo zuten Nojatik gertu. D-17ak matxura handiak izan zituen eta hondartu egin zen, eta halabeharrez, lehertu egin zen. 2 tripulatzaile hil ziren eta beste 2 zauritu.
1937-08-21
Gipuzkoa eta Bizkayako 34 tripulatzaile lehorreratzeko agindu zuten, eta haien ordez santandertarrak jarri zituzten. Bouak artilleriaz hornitzen saiatu arren, Gipuzkoan bakarrik osatu zituzten lanak.
1937-08-24/25
Ontzi errepublikar gehienek Santander ebakuatu zutelarik, gauza bera egin zuten Bizkaya, Gipuzkoa, Iparreko-Izarra, L-1, L-3, D-9, D-21 eta D-22k ere, eta Gijonera joan ziren. Gainerako minaketariak eta txalupak La Pallicera joan ziren. Handik Rochefortera eraman zituzten, eta han gelditu ziren.
Bou Gipuzkoa cuadro de Julio Pardo
1937-08-26/28
Gipuzkoa eta Bizkaya Santanderrera bidali zituzten ebakuatuak jasotzeko. Bidean jakin zuten Santander erori egin zela eta Frantzia aldera abiatzea erabaki zuten. Hilaren 28an Bordelen sartu, eta han gelditu ziren betiko.
1937-08-27
Euzko Gudarozteak Santoñan kapitulatu ondoren, Gazteiz boua (Alejo Bilbao komandantea) atxilo hartu eta eskifaia atxilotuta Duesoko kartzelan sartu zuten. Han 1937-10-15ean frankistek 2. makinista fusilatu egin zuten.
1937-09-08
Iparreko-Izarrak gauez Gijongo blokeoari barre egin eta Bordelera abiatu zen, eta han gelditu zen gerra amaitu arte.
1937-irai./urri
Hialabete hauetan L-1 eta L-3k eta D-9, D-21 eta D-22k Armada Errepublikarrarekin parte hartu zuten mina miaketan Gijonen. Urriaren erdialdera, L-3 eta D-21 eta D-22 Avilesera joan ziren eta han jarraitu zuten beren lanarekin.
1937-10-21
Asturiaseko ebakuazioa amaitu zen. Han Armada Errepublikarrarekin ziharduten L-1 eta L-3 txalupak eta D-9, D-21 eta D-22 minaketariak Frantziara abiatu ziren, eta han gelditu ziren gerra amaitu arte.
Bou Donostia
1937-11-01
Armada Errepublikarrak La Pallicen ainguratutako Donostia bouaren kontrola bereganatu zuen.
1937/1939
Bitarte horretan ontziak Frantzian gelditu ziren. Gipuzkoa ontzi kortsario gisa egokitu zuten, baina agintari frantsesek ez zioten irteten utzi. Tripulatzaile gehienak lehorreratu eta lurralde errepublikarrera bidali zituzten, eta han Itsasoko Armadaren, Lehorreko Armadaren eta Itsasoko Karabineroen zerbitzuan jardun zuten. Ontziak armadoreei itzuli zizkieten gerra amaitutakoan.