Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 21a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Euzkadiko Gudontzidi Laguntzaileko Ontziak (1936-37)

Bou armatuak

Bous Mistral Euzkal Erria y Vendaval en Portugalete Diciembre 1936Itsas indar honen gune nagusia eratzeko, PYSBEren lau bakailaontzi aukeratu zituen Egiak, BIA (Bizkaiko Itsasoko Armada = Fuerzas Navales republicanas del Cantábrico) artilatzen ari zen horiek hain zuzen. Artean ofizialki mugatzeke zegoenez ontzi horiek zein eskumenetan geratuko ziren, Eusko Jaurlaritzak konfiska zitzala proposatu zuen Egiak, eta horixe egin zuten. Urriaren 30ean, Jose Antonio Agirrek izenpetu zituen Mistral, Vendaval, Euzkal-Erria eta Hispania ontziak konfiskatzeko dekretuak, Eusko Jaurlaritzaren izenean. Guziei 101’6 mm-ko kanoi bana jarri zieten brankan eta airekontrako bina metrailadore 8 mm-koak zubian (gainera Mistrali 76’2 mm-ko kanoi bat erantsi zioten popan). Alabaina, ontzi horiek ez ziren, abendua heldu arte, Euskal Armadaren kontrolpean geratu erabat, orduan osatu baitzituzten tripulazio guztiak Euskadiko Itsas Buruzagitzaren pertsonalaz, eta izenak ere aldatu egin zizkieten, Gipuzkoa, Nabarra, Bizkaya eta Araba jarriz hurrenez hurren. Euzkadiko Gudontzidian sartu eta gero, bou guztiei 101’6 mm-ko bigarren kanoia jarri zieten popan, Arabari izan ezik. Izan ere Araba, galdarak oso egoera txarrean zituela, desarmatu egin zuten 1937ko otsailean, eta dikean sartu zuten erabateko itxura aldaketa zertzeko.

Bou IPARREKO Vista de perfil FebreroDagoeneko Euzkadiko Gundontzidiaren kontura, Gipuzkoako ebakuazioan heldutako arrasteko bi binakako artilatu zituzten abenduan, Goizeko-Izarra eta Iparreko-Izarra hain zuzen. Popan 57 mm-ko kanoi bana jarri zieten, eta gainera Iparrekoari airekontrako metrailadore bat, 8 mm-koa, zubian. Urtarrilean Donostia gudontzia hasi zen lanean; lehenagoko Virgen del Carmen gudontzi armatu frankista zen, baina abenduaren 5etik 6rako gauean tripulazioa asaldatu eta ontzia Bilbon sartu zuen. Armamentuan kanoi bat zuen brankan, 76’2 mm-koa, eta 47 mm-ko beste bat popan, bi metrailadore eta Alemanian eginiko sei sakonera-karga, ontzian bertan zirenak Bilbon sartu zenean. 1937ko udaberria aurrera zihoala hasi ziren beste bi ontzi, Santa Rosa boua eta Mari Begoña kostaontzia, armatzeko beharrezko doiketa lanak; hauei Gazteiz eta Iruña izenak jarri zizkieten, baina Bilbo erori zenean artean aldaketa prozesuan zen azkena, eta ez batak ez besteak ez zuten artilleria materialik.

Bou Donostia Vista de perfil Febrero 37.jpgJendeak “bou armatu” izenaz ezagutzen zituen horrelako ontziak. Guzti-guztiak berun-grisez pintatu zituzten, amuletan, beltzez, izenaren lehen hizkia zeramatela. Ikurriña brankan, eta errepublikaren hiru koloreko bandera zeramaten masta nagusian. Basea Portugaleten zuten, eta gehienetan Benedictako edo Galdamesko ditxoan botatzen zuten aingura.

Minaketariak eta ontzi laguntzaileak

Euskadiko uretan sakabanatutako minak biltzeko eta suntsitzeko arrantzuntzi batzuk aukeratu zituzten, arrasteko binakakoak guztiak, eta “minaketari” izena eman zieten. 1936ko irailaren amaiera aldean erabili zituzten lehenbiziko aldiz minaketariak Euskadin, Bizkaiko Defentsa Batzarrak, Bilbo minaz josteko arriskua zela eta, Danak-Ondo eta Marce binakakoak mobilizatu zituenean. Bilboko portua ixteko arriskuak beharturik, Euzkadiko Gudontzidiak miaketa zerbitzua antolatu behar izan zuen abenduan. Horretarako, arrasteko hainbat binakako erabili zituen, Pasaiako Flotakoak hain zuzen: Jaimín, Rafael Cantos, Arco, Iris, Mari-Toya, Gure-Artizar eta Gure-Izarra.

Parejas de pesca en PasajesUrtarrila eta apirila bitartean egindako minaketa jarraituen eraginez gero eta ontzi gehiago erabili behar izan zituzten, 1937ko maiatzean 24ra helduz Pasaia eta Ondarroako binakako gehiago hartu zituztenean. Hasieran, ontzi horiek jatorrizko izenak mantendu zituzten, baina maiatzean kendu zizkietelarik D-1etik D-24ra bitartekoak eman zizkieten, hurren datozen bezala hain justu: María Angeles (D-1), Julito (D-2), Domayo (D-3), Mourisca (D-4), Gure Artizar (D-5), Gure Izarra (D-6), Alque (D-7), Alcion (D-8), Nuevo Constante (D-9), Constante Barreiro (D-10), Arco (D-11), Iris (D-12), Motrico (D-13), Ondarroa (D-14), Eduardito (D-15), Anthon Mari (D-16), Delfina (D-17), Marcos (D-18), Ibai Ederra (D-19), Salvadora(D-20), Nazareno nº6 (D-21), Aralarko-Mikel-Deuna (D-22), Eugenio (D-23) eta Julia (D-24). Gainera, D-3 eta D-4ri Napartarra eta Arabarra izenak jarri zizkieten, hurrenez hurren.

Minaketari batzuk egiteko berezietan ere erabili zituzten, esaterako Mourisca (Bilbo eta Baiona arteko komunikazio eta garraio zerbitzua), Domayo (Bilbo eta Baiona arteko irrati-lotura zerbitzua) eta D-5 eta D-6 (arma garraioa Lezo Urreiztietarekiko elkarlanean). Ontzietan kabotajeko edo arrantzako patroiak izaten ziren agintean, egiteko edo misio berezietan izan ezik, zeren eta horrelakoetan kapitain bat izaten baitzen.

Pesquero JULITO luego D-2Minak aurkitzeko eta desaktibatzeko eta itsasbazterra gauez zaintzeko lan osagarrietan baxurako sei arrantzuntzi erabiltzera heldu ziren; Mutrikukoak ziren guztiak, eta “txalupa laguntzaile” gisa sailkatu zituzten. Maiatzaren hasieran izenak aldatu zizkieten, honela hain zuzen: Nazareno nº1 (L-1), Angel de la Guarda (L-2), Josuren Ama (L-3), Nazareno nº9 (L-4), San Isidro (L-5) eta San Ignacio de Loyola (L-6).

Hainbat binakako, kanoa automotore, yate eta txalupa motoredun ere erabili zituen Euzkadiko Gudontzidiak, beste zenbait zerbitzu burutzeko. Halaz, Danak Ondo, Danak Batian eta Marce praktiko zerbitzuetan aritu ziren eginkizun hori Itsas Sailaren mendean egon zen bitartean, azarotik 1937ko martxora arte. Beste zerbitzu berezi bat izan zen, 1936ko azaroaz geroztik lehenbizi Trintxerpek eta gero Domayok eskaini zutena. Ontzi biak erabili baitzituzten Baionaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren arteko lotura iraunkorra mantentzeko, zituzten telefono eta telegrafo ekipoen bidez. Baiona eta Bilbo arteko itsas loturako lanean Severiano Asarta yate donostiarra –oso denbora laburrez-, aipatutako Mourisca, Kayue eta Txepetx (lehenago Pussycat) txalupa motoredunak, eta 20 korapilotik gora hartzeko gai ziren laketeko bi kanoa erabili zituzten.

Proyecto para armar el yate IZARO-AD003676.jpgMinaketariei laguntzeko, 1937ko maiatzaz geroztik hainbat kanoa automotore erabili zituzten, lehen unetik beretik izen berriak emanez: Comandante Moreno (lehengo Isi-Anton), Aitor (lehengo S.C.), Sorgiña (lehengo Cedard Bird), Miren Garbiñe (lehengo Politena) eta Berabille (lehengo Tio Maco). Portu zerbitzuetan Sheabe txalupa motoreduna erabili zuten hasieran, Pasaiatik heldu baitzen, eta gero Pili –maiatzean Miren Koldobike izena eman zioten-, Trinkertxu (lehengo Jaungoikoa Lagun) eta Izaro yatea –maiatzaz geroztik Epailla 5.

Ontzi guztiek Portugaleten zuten basea, eta kai berrian amarratzen ziren, trenbidearen biltegietatik hurrean, hauek ere Armadak erabiltzen baitzituen. Minaketariak eta txalupa laguntzaileak berun-grisez pintatu zituzten goitik behera, eta amulan beltzez zeramaten zegokien zenbakia. Ontzi horietan ez zen inolako armarik, tripulatzaileek oso gutxitan eramaten zituzten arma eramangarriak izan ezik.

Bizkaiko Itsasoko Armadaren ontzietan

1937ko maiatzean eta ekainean, BIAren buruzagitzak eskaturik, C-6 itsaspekora eta José Luis Díez eta Císcar destruktoreetara destinatu zituzten Itsas Bolondresetako 220 marinel, konfidantzazkoa ez zen hainbat pertsona ordezkatzeko eta bajak estaltzeko. Une horretatik bertatik Bilbo erori arte, destruktore biak eta itsaspekoa Euzkadiko Gundontzidiko Buruzagitzaren Intendentzia zerbitzuek artatu zituzten. Eta ontziak Santanderrera eraman zituztenean, marineletako asko lehorreratu egin ziren, eta besteak Armada Errepublikarrean sartu ziren.