Lau bakailontziak konfiskatu zituztenean, tripulazioetan marinel zibilak eta militarrak nahasturik zeuden, PYSBE enpresaren tripulazioetakoak batzuk, Armada Errepublikarrak ontziratuak besteak. Ontzi horiek eta, oro har, euskal Armadako guztiak Eusko Jaurlaritzaren kontrolpeko pertsonalaz hornitzearren, 1936ko azaroaren 10ean argitaratu zuten Itsasoko Bolondresgoa sortzeko Dekretua.
Itsasoko Bolondresgoa gorputz militar bat zen, bolondres zibilez hornitua. Hasieran, merkantzia nabigazioan aritutako guztiek eman zezaketen izena, eta altura edo baxurako arrantzuan gutxienez sei hilabetez aritutako orok. Aurkeztutakoak 3.000 baino gehiago izan ziren, 18 eta 60 urte bitartekoak eta lanbide maila guztietakoak: kapitainak, pilotuak, patroiak, makinariak, suginak, ... baina prestakuntza militar eskasekoak eskuarki. Horien artetik hautatzen zuten ontzietako tripulazioak eta lehorreko establezimendu batzuk osatzeko behar zen pertsonala, bakoitzaren erakunde politiko eta sindikalak emandako txostenen argitan betiere. Hasieran oso gutxi onartu zituzten –350 gizon inguru-, baina 1937ko ekainean, 1924tik 1938ra bitarteko kintak mobilizatu zituztelarik, 700dik gora izan ziren, zenbait ontzitara eta Bizkaiko Itsasoko Armadaren bulegoetara destinatutakoak barne. Oro har, 900 gizon izan ziren Euzkadiko Gudontzidian.
Behin destinoan sartu ondoren Armadaren lege eta foruen mendean geratzen ziren, eta diziplina militarraz. Pertsonal guztiak hartu zuen laneko eta paseoko arropa. Lehena mono itxurakoa zen, eta bigarrena txaketoia eta prakak ziren, gris berdexkatik itsas urdineranzko tonuez, arrantzale botez eta txapel ilunaz. Bakoitzaren gradu edo maila ezagutzeko ez zuten erabili ez bereizgarririk ez eta galoirik ere, baina horretarako proiektuaren lehen zirriborroa egitera heldu ziren.
Bouetako komandanteei ontzi-teniente maila eman zieten, baina bestelako hierarkia izen guztiak Herri Ontziterian erabilitakoetatik hartu zituzten. Ontzi-bizkarreko Ofizialen artean komandante eta 1., 2. eta 3. ofizial graduak zeuden. Goizeko eta Iparrekoren komandanteak eta minaketari eta kanoetako kapitainak 1. ofizialtzat hartzen zituzten. Makinetako ofizialen artean 1., 2. eta 3. makinari eta makina-laguntzaile edo 4. makinari graduak erabili zituzten, Ontzi-bizkarreko ofizialekin halako paralelotasun bat finkatuz. Goizeko eta Iparrekoren makinariak 2. makinistatzat hartzen zituzten. Telegrafistek eta Osasuneko langileek (mediku eta praktikanteek) ere ofizial maila zuten Euskadiko Armadan.
Tarteko laguntzaile graduetan kostako edo kabotajeko patroia (1. patroi deitua batzuetan), 2. ofizialaren mailakoa, eta arrantzako patroiak (edo 2. patroia) izaten ziren, menpeko mailaz azkeneko hauek. Makinetako graduak 1. mekanikari edo 1. motorista graduak ziren, 3. makinariaren parean, eta 2. mekanikari edo 2. motorista, menpeko mailaz. Maila horixe bera zuten minaketarietako makinari eta sugin gaituek. 1937ko ekainean intendente edo bulegoetako laguntzaile postua ere sortu zuten.
Azkenean, atzeneko mailaren osatzaileak genituen Marinel Saila (kontramaisua, marinel-kabua, marinela eta mutila), Makinetakoa (makina-arduraduna, koipeztatzailea, sugina eta endai-mutila), Irratitelefonokoa (telefonista), Artilleriakoa (kanoi-kabua eta artilleroa) eta Sukaldekoa (1. eta 2. sukaldaria, 1. eta 2. zerbitzaria eta eltzezaina). Kanoa automotoreetan destinatutako pertsonal guztiak marinel maila zuen, nahiz eta batzuek kanoa patroi edo kanoa motorista izendapenak jaso zituzten.
Itsasoko Bolondresgoaren pertsonal gehiena euskal kostaldeko herrietakoa zen, eta erdia baino gehiago bizkaitarrak (% 57), horien artean nagusi bermeotarrak izaki (guztiaren % 10 baino gehiago); laurdena pasatxo gipuzkoarrak ziren (% 28) eta arabarrak eta nafarrak oso gutxi (bien artean % 1 inguru); besteak (% 14) Euskal Herritik kanpo jaiotakoak ziren, Galiziakoak batez ere (% 10). Militantzia politikoari dagokionean, % 57 Euskal Langileen Alkartasunekoak edo EAJkoak ziren, % 19 UGT edo Alderdi Sozialistakoak, eta ehuneko txikiagoetan ziren CNT (% 5), EAE (% 4), Ezkerra Errepublikarra (% 2), Alderdi Komunista (% 2) eta beste zenbait sindikatu profesional (% 1). Eta afiliatu gabeko edo afiliazio ezezagunekoek beste % 10 bat osatzen zuten.
Ontziratutako pertsonalaz gain, lehorreko pertsonala ere bazen, jakina, bulego, tailer, biltegi, talaia eta zainketa-postuetan aritu beharra zegoen eta. Langile horiek, salbuespen bitxi batzuk izan ziren arren, ez ziren Itsasoko Bolondresetakoak, eta ez zeuden diziplina eta foru militarren mendean. Administrazio arloko kategoria edo mailak hurren datozenak ziren: sailburu –Egiak beste inork ez zuen maila hori-, negoziatu edo bulegoburu (idazkariek, ikuskariek eta aholkulari teknikoek kontsiderazio bera zuten), 1., 2. eta 3. ofizial, mekanografo, ordenantza (gidariak kategoria honetan sartuta zeuden) eta laguntzailea. Talaia eta zainketa-postuetan zelatariak eta talaiariak, laguntzaileak eta jagoleak zeuden (batzuetan kosta-zaintzaile deituak). Administrazioko langileen artean zeuden Euskadiko Armadan aritu ziren emakume bakarrak, hiru izan baitziren Buruzagitzako bulegoetan: Paquita García, Mª Luisa Jiménez Alzaga eta Miren Leanizbarrutia.