Iparreko frontea erortzean, Euzkadiko Gudontzidiaren pertsonal gehiena Frantziako portuetara heldu zen. Eta marinel horietatik erdia pasatxo Frantzian bertan geratu zen. Besteek Kataluniako muga zeharkatu eta gerran segitu zuten, errepublikarren aldean noski. Berrogeita hamar pasatxo izan ziren Armada Errepublikarrean sartu zirenak. Talde horretan zeuden Rafael Mentxaka Bizkayaren 1. ofiziala, eta Amadeo Uribe Donostiarena; taldekide gehienak José Luis Díezen eta Frantzian babestutako ontzi errepublikarretan aritu ziren. Talde txikixeago bat Itsasoko Karabineroen unitateetan sartu zen; besteak Lehorreko Gudarostera igaro ziren, eta DCAra (Airekontrako Defentsa) ere bai batzuk.
Armadako profesionalen artean, euskaldun kopurua ez zen oso handia inondik ere. Alabaina, Merkantzia Ontziteriatik zetorren pertsonalaz osaturiko Itsas Erreserban bazen pilatxo aipagarri bat, are gehiago, euskal ofizialek osatuko zuten eskierki talderik ugariena. Itsas Erreserbaren eskalafoian gutxienez 17 euskaldun ziren izen emandako berrogeita hamarretik gora korbeta-kapitain eta komandante-makinarien artean, ontzi-teniente eta kapitain-makinarien artean 27 ziren hirurogeita hamaseitik, berrogeita hamar ontzi-alferez eta teniente-makinarien artean 7, eta beste batzuk laguntzaile eta beheragoko mailetan. Batzuk, ikastaro laburren bidez, Armadaren Gorputz Nagusira igaro ziren, esaterako Enrique Bilbao Bilbao eta Pedro Marcos Bilbao korbeta- kapitainak, Gorputz Nagusiko ontzi-teniente gisa amaituz gerra.
Nahikoa zail da, bestalde, maisu eta marinelen artean zenbat euskaldun zegoen zehazten, baina askotxo izango ziren horien artean ere, ezen Flotako ontzi guztietan baziren, ontzi txiki eta laguntzaile batzuetan eta Itsas Infanterian bezalaxe.
Hasieratik bertatik: “Xauen” Errepublikarentzat
Gerraren ekintza garrantzitsu gehienetan aurkitzen ditugu euskal marinelak, errebolta hasi zen une beretik. Esaterako Xauen kostazainaz hitz egin dezakegu. Ferrolen atrakaturik fortunatu zitzaion errebolta. Borroka hastean komandantea, ontzia errebeldeen alde jartzeko erabaki sendoa hartua zuela eta tripulazioarekin konfidantzarik ez zuenez, Coruñara abiatu zen ontziaz uztailaren 20ko gauerdian. Han espero baitzuen aurka egiten ziotenei aurre egiteko laguntza. Alabaina, 21etik 22rako gauean, komandantea eta laguntzailea Coruñan altxatutako militarrekin eginiko gestioen emaitzen zain zeudela, dotazioak ustekabean harrapatu, geletan giltzapetu, eta ontziaren kontrola hartu zuen. Xauenen soldadutza egiten ari ziren euskal marilen batzuk ere tarteko izan ziren ekintzan; horietako batek, Elantxobeko Felix Iribar Ardanzak, Merkantzia Ontziteriako piloturako ikasten ari baitzen ontziaren gobernua bere gain hartu eta Malagara eraman zuen, Penintsula osoa inguratu ondoren hantxe sartuz 24tik 25erako gauean.
Xauen izan zen Ferrolgo Itsas Baseko ontzietatik Flota Errepublikarrean sartu ahal izan zuen bakarra. Abuztuan, Areetako Fernando Delicado Valle ontziratu zen merkantzia kapitain gisa. Kostazainak parte hartu zuen Mallorcako lehorreratzean, eta Malagan blokeatuta geratu zen azkenean, 1937ko hasieran. Otsailaren 8an hondoratu zuten bertan, errebeldeek harrapa ez zezaten. Tripulazioaren zati bat, Felix Iribar eta euskaldunen taldea barne, C-4 itsaspekora igaro zen. Iribar, geroago, ontzi-alferez mailara heldu zen Lepanto destruktorean. Fernando Delicado, bere aldetik, atxilo hartu zuten Galdamesen, Matxitxakoko borrokaren ondoren.
Itsaspekoetan
Jesus Lasheras Mercadal ontzi-teniente donostiarra, frankisten aldekoa bera, zen C-4ren komandantea. Beste euskaldun batzuk ere baziren. Itsaspeko hori Bizkaiko Itsasora bidali zuten 1937ko maiatzean, eta Santanderretik aritu zen lanean. Iparrean burututako lana hutsaren hurrengoa izan zen, zeren eta komandantearen eginkizuna sabotajea besterik ez baitzen; izan ere, Santander ebakuatu ondoren Le Verdonera eraman zuen ontzia abuztuaren 28an, eta bertara heldurik desertatu egin zuen. 1938ko apirilera arte ez zen C-4 Mediterraneora itzuliko.
Itsas Erreserbako ofizial batzuk aritu ziren itsaspeko errepublikarretan. Horixe, hain zuzen ere, Ignacio Ibarzabal Egiaren kasua, getxotarra bera, C-1 bere aginpean izatera iritsi baitzen 1936ko abuztuan zehar. Debako gipuzkoar bat, Fidel Enparanza Zabala, C-6n ontziratu zen arrutako ofizial gisa 1936ko abuztuan, eta itsaspeko baten komandante lanean ere aritu zen 1937ko urtarrilean zehar. C-6, beste orrialde batzuetan ikusi dugun bezala, jarduerarik bizienekoa izan zen itsaspeko errepublikarren artean. Bizkaiko Itsasora etorri zen 1937ko maiatzean, eta bertan ibili zen urriaren 20an hondoratu zuten arte. Gainera horixe izan zen Euzkadiko Gudontziditik zetozen tripulatzaileak ontziratu zituen bakarra.
Fidel Enparanzak, korbeta-kapitain mailara helduta dagoeneko, denbora pitin bat eman zuen Libertad gurutzontziko ofizial lanetan. 1938an C-4ren 2. komandante izendatu zuen, Bordelen zegoela, eta ontziarekin batera itzuli zen Cartagenara 1938ko apirilean. Geroxeago kargu berbera izan zuen C-1en, zainketa bidaia hainbat eginez itsasbazter mediterranearrean zehar. 1938ko urriaren 8tik 9rako gauean Bartzelona airetik bonbardatu zutelarik, ontzia hondoratu egin zuten.
Itsaspekoetan ontziratutako beste ofizial batzuk izan ziren, esaterako Victoriano Espinosa Etxebarria korbeta-kapitaina, bilbotarra, Iparreko kanpainan zehar C-2n izan zena arruta ofizial gisa, eta haren kategoria bereko Esteban Hernandorena portugaletearra, 1937ko irailaz geroztik Frantzian babestuta zeuden C-2 eta C-4 Cartagenara eramateko operazioetan ere parte hartu zuena 1938an, eta geroago José Luis Díezen arruta ofiziala izan zena.
Gurutzontzi eta destruktoreetan
Armadako Gorputz Nagusiko ofizial eskasiak eraginda, Armada Errepublikarraren gerraontzi nagusietan postu garrantzitsuak hartu zituzten Itsas Erreserbako merkantzia ofizialak asko izan ziren. Gehienetan arruta ofizial gisa aritzen ziren, eta batzuk 2. komandante mailara edota, kasuren batean, ontzien agintera ere heldu ziren.
Tartean genuen, esaterako, zenbait korbeta-kapitain, hala nola Francisco Amezaga (Plentziakoa, Almirante Mirandaren ofiziala eta Libertaden 2. komandantea), Rafael Mentxaka (Plentziakoa, Císcarren ofiziala, Almirante Antequera, José Luis Díez eta Cervantes gurutzonziko 2. komandantea), Rafael Inda Ajuria (Getxokoa, Almirante Ferrándiz eta Méndez Núñezen ofiziala, Jorge Juanen 2. komandantea), Pedro Marcos Bilbao (Bilbokoa, Escañoren 2. komandantea, Almirante Antequeraren komandantea), Lucio Atxa Mota (Bilbokoa, Gravinaren eta A. Antequeraren 2. komandantea), Jose Agirre (Gasteizkoa, Sanchez Barcáizteguiren ofiziala, Cartagena airez bonbardu zuten batean hil zen), Joaquín Palacios (Elantxobekoa, Jorge Juanen 2. komandantea), eta beste hainbat ontzi-teniente, besteak beste Manuel Azkune (Algortakoa, José Luis Díez eta Almirante Valdésen ofiziala) eta Carmelo Larraskitu Torre (Erandiokoa, Almirante Mirandaren ofiziala).
Ofizial profesionalen artean zegoen Juan Antonio Castro goardiamarina tolosarra (Méndez Núñez gurutzontziko 2. komandantea, Císcarren eta José Luis Díezen komandantea), gerran zehar korbeta-kapitain mailara iritsi zena, eta Pedro Loiola (Bermeokoa, José Luis Díezen makina-buru eta 2. komandantea) eta Rodolfo Babío (portugaletearra, Císcar eta Escañoren makina-burua) kapitain-makinariak, ... Osasuneko Laguntzaileen Gorputzean sartu zen Anastasio Arbe Oleagoitia (Bilbokoa, Císcarren eta Miguel de Cervantesen aritu zen), lehenago Araba gudontzian praktikante izandakoa alegia.
Gainera, ontzi guztietan bazen euskal marinelik, hogeita hamarretik gora ere bai batzuetan, Méndez Núñez, Císcar eta José Luis Díezen esaterako. Hori kontuan hartu gabe bi destruktore horietan 200 gizon baino gehiago ontziratu zirela Euzkadiko Gudontziditik etorrita. Halaxe, bada, euskaldunek parte hartu zuten Flota Errepublikarrak Bizkaiko Itsasoan eta Mediterraneoan burututako operazio garrantzitsuenetan, eta konboi eskoltetan, Cherchelgo borrokan (37-9-7), Balearesen hondoraketan (38-3-6),...
Ontzi laguntzaileetan
Armada Errepublikarrean ziren ontzi txikietan eta laguntzaileetan ere euskal marinel franko zegoen. Batzuetan Itsas Defentsa Mugikorrean izan ziren, Iñigo Renteria Aurrekoetxea ontzi-tenientea kasu, Almeriako Zainketa Taldeko mina miaketako ikuskaria baitzen, edo Angel Chicot Badiola korbeta-kapitaina, Bermeokoa, Laya kanoiontziko 2. komandantea, Valentziako Zainketa Taldeko bandera-ontzia bera, airetiko eraso batean hondoratu zuten arte (38-6-15). Beste zenbait aritu zen Kataluniako Zainketa Taldean, esaterako Pedro Etxaniz teniente-makinaria (Gipuzkoaren 2. makinari ohia), Lantalde Nagusira bidali baitzuten; Moises Larrabeiti Bilbao lehen mekanikaria (lehenago D-8n egona), itsaspeko-kontrako Ella txalupan zebilena; Francisco López Rico artilleriako laguntzailea (Donostiaren kanoi-kabua); Guillermo Anduiza Goikoetxea, D-195 minaketariaren komandantea, ...
Ontzi laguntzaileetan ere baziren. Hamabost baino gehiago genituen Elcano andel-ontziaren tripulazioan, eta are gehiago ziren gerrako garraiontzietan sakabanatuak. SAC-2n, esaterako, Gernikako Lucio Solaegi eta Lekeitioko Mario Agirre Arretxe ontzi-tenienteak zeuden, komandante eta 2. komandante gisa hurrenez hurren, Francisco Llona Mentxaka kapitain-makinari urduliztarra, denbora batez ontziko makina-buru ere izan zena bera, eta Luis Goikoetxea Egia lekeitiarra eta Gerónimo Zabala Zarraga bermeotarra, ontzi-alferezak biak. Lucio Solaegui lehenago buruzagi izana zen Poeta Arolas garraiontzian, Cartagenan hegazkinez egindako bonbardaketan hondoratua (38-7-12). Ontzi horretan, gainera, beste hainbat makinari ere bazen. Aipatutakoez gain, Joaquín Palacios korbeta-kapitaina Almirante Lobo garraiontzian egon zen, eta beste batzuk SESBerekiko trafikora emandako merkantzia ontzi armatuetan, edota Mediterraneoko portu errepublikarren artean ibiltzen zirenetan; Korellako Eugenio Montilla Escuderok, eta Rafael Inda Ajuriak, korbeta- kapitainak biak, Cabo San Agustín eta Cabo Santo Tomé merkantzia ontzi armatuen agintean ordeztu zioten elkarri. Rafael Indaren buruzagitzapean Cabo Santo Tomé bidaia batean zela, SESBetik Valentziara arma kargamentu bat ekartzeko hain zuzen, Cánovas eta Dato kanoiontzi frankistek Argeliako itsasbazterretik hurbil eraso egin eta su eman zioten (37-10-10). Trafiko lan berean ari zen beste ontzi bat Artea Mendi zen, Gatikako Vicente Artolazaga ontzi-tenientearen aginpean, eta gerraren azkeneko hilabeteetan Mario Agirrek ordezkatu zuen.
“Tramontana” eta “Vita”
Baina Armada Errepublikar guztian euskaldun proportziorik handiena zuen ontzia Tramontana garraiontzi armatua izan zen. Jatorriz PYSBEren bakailaontzia zen, Gipuzkoa gudontziaren bizkia, eta 1936ko irailean Mediterraneora bidalia, Indalecio Prieto Itsas eta Aireko ministroak propio eskaturik. Gerra osoan zehar mantendu zuen PYSBEren jatorrizko tripulazioa gehienbatean, Mariano Manresa Itsas Erreserbako korbeta-kapitain santanderdarra buru zuela; 1. ofizial gisa Isaac Etxabe lekeitiarra zihoan, ontzi-teniente mailaz; makina-buru, berriz, Alvaro Aretxabaleta kapitain-makinaria, Erandiokoa; laguntzaile gisa Manuel Aberasturi, Arteagakoa, eta 3.go gisa Eduardo Etxaniz, Elgoibarkoa. Geroago sartu ziren Anton Brouard lekeitiarra eta Amadeo Uribe busturiarra, Erreserbako ontzi-alferezak biak. Mendeko eta marinel gehienak ere euskaldunak ziren.
Prietok oso egiteko berezia agindu nahi zion ontziari, Banco de Españaren urrea Cartagenatik Marseillaraino eramatea hain zuzen, Frantzian erositako material militarrak ordaindu beharra zegoen eta. 1936-37an zehar horietako lau bidaia egin zituen, eta 1.688 kutxa eraman, 110 tona urre baino gehiago garraiatuz inolako gorabeherarik jasateke. Urre garraioak amaitu zirelarik, Tramontana garraio lanetan aritu zen, eta hilean behin Cartagena eta Mediterraneoko portu errepublikarren arteko bidaia egiten zuen. 1937ko udan aire-kontrako metrailadore bat jarri zioten popan, eta Mariano Manresa lehorrean geratu zen; honen ordez, Isaac Etxabe ontzi-tenienteak hartu zuen ontziaren agintea.
Uda pasa eta gero martxa berean segitu zuten garraio lanetako bidaiek. Horietako batean zehar, urriaren 14an, Galileo Galilei/General Mola II itsaspeko “legionarioak” eraso egin zion, hiru torpedo jaurtikiz. Goizaldean izan zen erasoa, ontzia Tarragona ingurua zeharkatzen ari zenean Bartzelonako bidean, Salouko lurmuturraren parean hain justu. Zorionez torpedoetako bi branka aurretik zein popa atzetik igaro ziren, ontzia ukitzeke alegia, eta hirugarrena, ongi zuzenduta zegoen arren, azpitik joan zen.
1938ko otsailean 250 mina eraman zituen Rosesera, portuko itsaspeko-kontrako babesak eratu behar zituzten eta. Ekainean zehar, Cartagenan, Vickers kanoi bat jarri zioten popan, 101’6 mm-koa, popan mantenduz inolaz ere aire-kontrako metrailadorea. Sekula ez zuen kanoia inolako gerra ekintzatan erabili, eta metrailadorea ere behin baino ez, Bartzelona airetiko eraso bat jasaten ari zen batean. Valentziako Zainketa eta Itsaspekoen Kontrako Defentsa Taldeari atxiki zioten uztailean, aire erasoen ondoren indar gutxiz baitzebilen lanean talde hau, baina Tramontanak, hala eta guztiz ere, garraio zerbitzu berberetan jarraitu zuen Cartagena, Valentzia eta Almeria artean.
Abuztuaren 31an lehorrean geratu ziren Isaac Etxabe eta tripulatzaile batzuk, Ogasun ministroak eskatu baitzien Bartzelonan aurkezteko. Geroago Frantziara joan ziren, Errepublikaren altxorraz arduratzeko, eta Mexikora eraman zuten hura Vita yatean, Lekeitioko Jose Ordorika kapitainaren agindupean eta ofizial eta tripulazio euskaldunez oraingoan ere. Altxorra 1939ko martxoaren 23an heldu zen Veracruza, Vitan, eta erbestean ziren errepublikarrei laguntza emateko erabili zuten gerra bukatu eta gero. Isaac Etxaberen ordez Manuel Hoyos Amenabar ontzi-teniente santurtziarra jarri zuten Tramontanan, hilabete batez soilik, ezen irailaren amaiera aldean Amadeo Uribe ontzi-alferezak hartu baitzuen agintea, gerra amaitu arte horrelaxe segituz.
Bizertako bidean
Gerra Zibilak itsasoan izan zuen azken gertakariak, Flota Errepublikarrak Cartagena lagatzea alegia, euskal izen ugari izan zuen protagonisten artean. 1939ko martxoaren 5ean Flotak Cartagenako basea laga beste erremediorik ez zuen izan, frankisten aldeko errebolta sortu baitzen hirian, Madrilen Casado koronelaren estatu kolpeak arrakasta lortzen zuen aldi berean. Beste ontzi batzuk ere joan ziren Flotarekin batera hau irtetean, Tramontana eta SAC-2 besteak beste, amaiera hurbil zegoela garbi ikusten baitzuten hiritik ihesi zihoazen pertsonez beterik.
Egoera oso argi egon ez eta Flotako buruzagiak ez itzultzea erabaki zuen, Argeliako bidea hartuz bide batez. Almirante Antequera destruktorearen komandantea, orain Gorputz Nagusiko ontzi-tenientea zen Pedro Marcos Bilbao, izan zen aurkako iritzia agertu zuenetako bat, gutxi inolaz ere, Cartagenara itzuli nahi zuen-eta han geratutako errepublikarrak ez abandonatzeko, baina Flotaren buruzagiak formaziora itzuliarazi zuen. Bandera-ontzian, Miguel de Cervantesen alegia, hainbat agintari sozialistak eta Estatu Nagusiko buruak hogeita hamar bat marinel atxilotu zituzten, tartean korbeta-kapitain Rafael Mentxaka 2. komandantea zela, ontziaz jabetu eta Cartagenara itzultzen ahaleginduko ote ziren beldurrez.
Azkenean Tunisiako Bizerta portuan sartu zen Flota, martxoaren 7an, tripulazioentzat asilo eskea egin eta gero. Tramontana, SAC-2 eta beste ontzi batzuk Oranen sartu ziren egun berean, eta hilabete osoan zehar ontziek banaka sartuz segitu zuten. Itsasoko gerra amaituta zegoen dagoeneko. Euskal marinel askoren etorkizuna kontzentrazio-eremuak ziren: Marcos Bilbao, Mentxaka, Azkune, Uribe, Palacios, Iribar, Agirre, Atxa,... Orain erbestearen bide oiher luzea zuten ibili beharra.