Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 23a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Euzkadiko Gudontzidi laguntzailearen antolaketa (1936-37)

Acorazado ESPAÑA1936ko urriaren 15ean, Jose Antonio Agirrek Itsas Saila sortu zuen Defentsa Departamentuaren baitan, eta hura zuzentzeko Joaquín Egia Untzueta izendatu zuen, Bizkaiko Defentsa Batzarrak itsas kontuetarako aurrez izan zuen arduradun bera alegia. Urte eta erdi geroago eginiko memoria batean, Egiak azaldu egin zituen Eusko Jaurlaritza itsas indar propioak sortzera eraman zuten arrazoiak, laburbilduz hurren datozenak hain zuzen:

  • Ontzi errebeldeen erasoak, merkantzia trafiko errepublikarra eragozteaz gain arrantzan jardutea ere galarazten baitzuten, Bilboko portuko sarrerak ere minatuz eta kostaldeko helburuak bonbardatuz.
  • Eraso horiek merkantzia ontziterian eta arrantzukoan eta herritarrengan sortzen zuten moral galera.
  • Bizkaiko Itsasoan ziren itsas unitate errepublikarren eraginkortasunik eza.
  • Itsas bideak Errepublikaren etsaiek ihes egiteko edo espioitzarako erabiliak izateko aukera.

Submarino C-5 en Portugalete en 1936Itsas Sail hori urriaren 25ean hasi zen lanean, eta agindu zitzaion Itsas Armada Errepublikarraren indar laguntzaile bat eratzea, arrantza babesteko, eskumeneko uretako nabigazio askea zaintzeko, eta euskal portuetako sarrerak inolako oztoporik gabe mantentzeko. Beraz, indar laguntzaile horrek bigarren mailako eginkizunak kendu beharko zizkion Bizkaiko Itsasoko Itsas Armadari (BIA=Fuerzas Navales del Cantábrico), Euskal Herriko uretan behintzat, horretara honek etsaiaren unitateen kontrako borrokan buru-belarri sartzeko eta kostaldetik oso urrutiko eskolta lanak zertzeko aukera izango baitzuen. Helburu horiek betetzeko, Joaquín Egiak Euzkadiko Gudontzidia eratu zuen.

Base Naval de PortugaleteItsas Saila zuzen-zuzenean zegoen Defentsako sailburu Jose Antonio Agirreren mendean. Saileko Buruzagitzak Bilboko Carlton hoteleko hirugarren pisuan zituen jarrita bulegoak. Hasieran oso neurri txikikoa zen, burua bera, idazkari bat, irratitelegrafista bat eta administrazioko langileak besterik ez baitzituen kide, baina Flota Laguntzaileak berehala hartu zuen neurriaren eraginez egitura zabalagoa eman behar izan zioten Buruzagitzari, 1937ko martxoan osatu zuten arte. Horrela diseinatutako antolaketa bere horretan mantendu zen Bilbo erori arte. Santanderrera eraman zutelarik atzera murriztu zuten, burua eta idazkaria, makina-ikuskatzaile bat, aholkulari tekniko bat, administrazio arduradun bat, horniketarako beste bat, eta langile laguntzaile talde txiki bat besterik ez zioten eta laga. Gerran zehar hurrengo osaketa hau izan zuen:

  • Itsas Sailaren buruzagitza: Joaquín Egia. Zuzen-zuzenean arduratzen zen Euzkadiko Gudontzidiaren ontzi eta zerbitzuen zuzendaritza operatiboaz. Zerbitzuen ardura negoziatu edo bulego desberdinen artean banatzen zen:
    • Idazkaritza: Jose Mª Burgaña, otsailean Jose Antonio Durañonak ordezkatu zuena. Bilbo erori eta gero, Santanderren Andrés Atela aritu zen. Idazkaritza, informazio, dokumentazio, artxibo eta osasun kontuez arduratzen zen, besteak beste.
    • Pertsonal eta Armamentu Bulegoa: Alejandro Larrondo. Pertsonala erreklutatzeaz, destinoez, koartelez, armamentuaz, ... arduratzen zen.
    • Eraikuntza eta Konponketa Bulegoa: Juan Cruz Axuria, Francisco Zabaletak laguntzen ziolarik ikuskatzaile lanetan eta Jose Casamitjanak aholkulari tekniko gisa; Santanderren azkeneko biak bakarrik aritu ziren. Euzkadiko Gudontzidiaren ontziei egiten zizkieten moldaketa eta konponketez arduratzen zen.
    • Administrazio Bulegoa: Jose Ramon Maruri. Bilbo erori ondoren, Santanderren dagoeneko, Eugenio Pedro Jiménezek zuzendu zuen. Kontabilitateaz eta ordainketez arduratzen zen.
    • Transmisio Bulegoa: Juan Mª Lekube, apirilean José Fernández Villanuevak ordezkaturik. Irrati eta irratitelegrafoz egiten ziren komunikazioez arduratzen zen.
    • Intendentziako Bulegoa: Luciano Arteta. Jaki, tresna eta itsas elementuen horniduraz eta bilketaz arduratzen zen. Santanderren Cándido Caballero arduratu zen eginkizun horretaz.
  • Almacen de MinasPortugaleteko Itsas Ordezkaritza: hasieran Cándido Caballero aritu zen. Ordezkaritzaren eginkizunak zabaldu zituztenean, otsailean, José Mª Burgañak hartu zuen postua, eta Cándido Caballerok idazkari gisa jarraitu zuen. Ordezkaritza Hotel de Portugalete izenekoan kokatu zen 1936ko azaroaz geroztik, eta kaian intendentzia eta hornidura biltegi bat ere bazuen, bildutako minak gordetzeko geroago egokitu zuten beste batez gain, inondik ere. Portugaleteko portu instalazioez arduratzen zen, haiexek baitziren Euzkadiko Gudontzidiaren ontzi guztien basea, eta bou armatuekiko lotura-zerbitzua ere ematen zuen, mina-bilketa zerbitzua eta kostazaintzakoa zuzentzeaz gain. Portu lanetarako, hainbat ontzi txiki zituen eskura.
  • Talaia eta Zelatari Zerbitzua: zelatari eta talaia postu guztiak Itsas Buruzagitzaren mendekoak ziren, eta harexi ematen zioten, zuzen-zuzenean, izandako guztiaren berri. Kostazaintza mantentzeko sortu zuten zerbitzu hori, Luzero eta Galea lurmuturretan, Sopelan, Plentzian, Villano lurmuturrean, Matxitxako lurmuturrean eta Lekeition kokatuta zeuden postu finkoez baliatuz.
  • Atalaya y Faro deMACHICHACOPraktiko edo bide-emale zerbitzua: Itsas Buruzagitzak, 1936ko azaroa eta 1937ko martxoa bitartean, Bilboko portuko praktiko zerbitzua ere zuzendu zuen. Martxotik aurrera Merkantzia Ontziteriaren Zuzendaritzaren pean geratu zen.
  • Itsas Koartela: 1937ko urtea aurrera zihoala, Getxon Itsas Koartel bat jarri zuten, destino zain edo alistamendu fasean zeuden ontzietako tripulazioak osatzeko erreserban zegoen pertsonala bertan biltzeko. Araba gudontziaren komandanteak agintzen zuen, bere tripulazioa baitzen koarteleko goarnizioan gehiengoa.
  • Bou armatuak: zuzen-zuzenean zeuden Itsas Buruzagitzaren mendean, eta ez zeuden ontzitalde gisa antolatuta; ofizialik zaharrenak, Gipuzkoaren komandante Manuel Galdosek, komodoro lanak egiten zituen batzuetan. 1937ko abuztuaren 5ean, lanean segitzen zuten gudontziak BIAri eskualdatu zizkioten.
  • Canon de proa del bou GipuzkoaMinaketari taldea: Jesus Landarte Legarreta –abendutik otsailera arte-, Angel Gabiña Andraka –otsailetik maiatzera arte-, Ramon Garayalde Bascaseaux –maiatzetik ekainera arte- eta Jesus Aldamiz-Gogeaskoa –uztailaz geroztik- kapitainak izan zituen agintari. Portugaleteko Ordezkaritza zen zerbitzuaren eguneroko martxa planifikatzen eta koordinatzen zuena, Itsas Buruzagitzaren jarraibideen ildotik betiere. Minaketariak eta haiei laguntzeko txalupak sartzen ziren taldean. 1937ko uztailean sei minaketari eta bi txalupa laguntzaile eskualdatu zizkioten BIAri, eta besteak Frantziara ebakuatu zituzten hilabete bat geroago.
  • Zerbitzu Bereziak: Itsas Buruzagitzak pertsonala eta ontzi batzuk erabili zituen egiteko berezietarako, esaterako Baionarekiko irrati eta irratitelegrafozko lotura, toki berarekiko itsas lotura eta, Bizkaiko Itsasoko portu leialetan armak eta horniak sartzeko, Lezo Urreiztietaren erakundearekiko lankidetzarako. Zerbitzu horietako ontziak Frantzian geratu ziren Bilbo erori zenean.
  • Bizkaiko Itsasoko Armadan zegoen pertsonala: BIAren bulegoetan, Carlton Hotelean hauek ere, Euzkadiko Gudontzidiak lagatako hamar bat ezkribau eta gidari ari ziren lanean. Gainera, 1937ko maiatzean, C-6 itsaspekora destinatu zituzten Itsas Bolondresetako 9 kabu eta marinel, haren komandanteak eskaturik, konfidantzazkoa ez zen hainbat pertsona ordezkatzeko eta bajak estaltzeko. Jose Luis Diez amarrado en Portugalete-1.jpgEkainaren hasieran, BIAren buruzagitzak eskaturik, José Luis Díez eta Císcar destruktoreetako tripulatzaile gehienak lehorreratu zituzten, matxinatutzat hartzean, ez baitzuten haiengan konfidantzarik; eta ordezko gisa, Itsas Bolondresetako 210 marinel bidali zituzten. Une horretatik bertatik Bilbo erori arte, destruktore biak eta itsaspekoa Euzkadiko Gundontzidiko Buruzagitzaren Intendentzia zerbitzuek artatu zituzten. Eta ontziak Santanderrera eraman zituztenean, marineletako asko lehorreratu egin ziren, eta besteak Armada Errepublikarrean sartu ziren.