HITZAURREA
Euzkadiko ordezkariek (Euskal Herri penintsularra) eta Frantzia Librekoek, zeintzuk elkartu diren elkarrenganako begikotasunak eta bi herrialdeon auzotasunak bultzatuta, elkarrizketak hasi zituzten 1940eko maiatzean, hitzarmen batera iristeko, eta elkarrizketa horiek etenik gabe jarraitu dute gaur arte.
Ordezkari horiek egiaztatu dute ezen, maila orokorreko gorabeherak direla-eta, zailtasunak izan dituztela funts politikoko hitzarmen bat berehala adosteko.
Irizten baitiote, alabaina, bi aldeei komeni zaiela hasierako proiektuan aurreikusitako xedapenetako batzuk berehala indarrean jartzea, elkarrizketen jarraipena bazter utzi gabe, bi aldeek honako hau hitzartu eta erabaki dute:
XEDAPENAK
1. Frantziar Inperioaren Defentsarako Kontseiluak arretaz aztertu du Espainiatik iritsi eta gaur egun Frantziako lurraldean bizi diren euskaldunen egoera, euskaldun horiek aurkitzen baitira batzuk kartzelan, beste batzuk kontzentrazio esparrutan, eta, oro har, askatasunik gabeko edo askatasun murriztuko egoeratan, zuzenbide arruntekoak ez diren eta, beraz, zigor arauturik ez duten arrazoiengatik.
Irizten baitiogu zuzentasunak eskatzen duela, atxiloketa bidegabe horiek direla-eta, euskaldun horiei egin zaien kaltea konpontzen laguntzea, De Gaulle jeneralak, Defentsarako Kontseiluaren izenean, hitzematen du bere autoritate osoa erabiliko duela eta ahalegin guztiak egingo dituela, metropoliko eta kolonietako frantses lurraldearen berreskuratzeak aukera eman bezain azkar, atxilotuta dauden euskaldunei askatasuna emateko, eta euskaldunei horiei laguntzeko ohizko bizimodua aurkitzen Euzkadin, Hispanoamerikan, Frantzian edo Frantziako kolonietan, protektoratuetan eta mandatuetan.
2. Irizten baitiogu ezen, Frantziako agintari eskudunen erabaki ahalmena bazter utzi gabe, bai militar gisa bai zibil gisa Frantziar Indar Libreen zerbitzura jarri eta erabateko onespena jasotzen duten euskaldunei aitortu behar zaiela nazionalitate frantsesa eskuratzeko eskubide morala, De Gaulle jeneralak prestutasun osoa agertzen du euskaldun horiek aurkeztutako herritartasun eskaerak bide onetik eramaten laguntzeko. Orobat, prestutasun osoa agertzen du, Frantziar Indar Libreen zerbitzura ez jarri arren, Euskal Ordezkaritza gaituak gomendatutako euskaldunen alde esku hartzeko, euskaldun horien herritartasun eskaerak asmo onez aztertuak izan daitezen.
3. Defentsarako Kontseiluak gogoan hartzen du Euzkadiko Kontseiluak prestutasun osoa agertzen duela euskal herritarrak Frantziar Indar Libreetan erroldatzen laguntzeko. Defentsarako Kontseiluak, berriz, neurri egoki guztiak hartuko ditu eta, behar izanez gero, atzerriko agintarien aurrean egindako izapideak babestuko ditu, behar dituzten pasaporteak eta igaro-baimenak eskuratzen laguntzeko Frantziar Indar Libreetan sartu nahi duten euskaldunei. Paragrafo honen aplikaziorako, euskal eta frantziar ordekari banaz osatutako batzorde bat eratuko da.
4. Defentsarako Batzordeak bere prestutasuna agertzen du babes eskubidea aitortzeko Euskal Ordezkaritza gaituak gomendatutako euskaldun batzuei, eta hartu beharreko neurriak hartzeko euskaldun horiek Frantzia Librea osatzen duten kolonietan bizitzen jarri daitezen.
5. Aurreko paragrafoetako xedapenez onura daitezke, orobat, euskaldunak ez diren beste batzuk, baldin eta Euzkadiko Kontseiluaren zerbitzura badaude eta, bereziki interesgarriak direlako, Kontseiluak halakotzat aurkezten baditu.
6. Defentsarako Kontseiluak gogoan hartzen du Euzkadiko Kontseiluak erabaki duela bere harremanez eta eraginaz baliatzea, Frantzia Librea osatzen duten Frantziako kolonietako lurraldeak balioesteko eta, bereziki, lurralde horiek eta Erdialdeko Amerikakoek nahiz Hegoaldekoek beren arteko harremanak estutzeko. Beste aldetik, Defentsarako Kontseiluak hitzematen du hartu beharreko neurri guztiak hartuko dituela, helburu horretarako sortzen diren euskal merkataritza-organismoen jarduna errazteko. Paragrafo honetan hitzartu den printzipioa nola aplikatu erabakitzeko, batzorde bat eratuko da, kopuru bereko euskal eta frantziar ordezkariez osatua, zeina elkartuko den hitzarmen hau indarrean sartzen denetik hasita.
7. Euskaldunek, Frantzia Librea osatzen duten Frantziako kolonietako lurraldeetara doazenean, beren identitatea egiaztatu ahalko dute, aurreko paragrafoen indarrez, Euskal Ordezkaritzek emandako dokumentuen bidez.
8. Aurreko paragrafoen aplikaziorako, Defentsarako Kontseiluak Euskal Ordezkaritza gaituei ematen die interesatuen euskal izaeraz erabakitzeko ardura.
9. Defentsarako Kontseiluak gogoan hartzen du Euzkadiko Kontseiluak erabaki duela hartu beharreko neurriak hartzea, informazioko agente frantsesen zeregina errazteko Frantzian, Espainian eta bi estatuon meneko Afrikako lurraldeetan.
10. Bazter utzi gabe inguruabarrak agindu dezakeela, edozein unetan, hitzarmen honetako hainbat zertzeladen kontratua aldatzea, bi Kontseiluon asmoa da euskal eta frantses ordezkarien arteko elkarrizketak berrartzea arrazoizko epe batean, aztertzeko ea beste arlo batzuetara eraman daitekeen hitzarmen honetan adosten den lankidetza. Epe horren barruan, bi aldeetako inork ez du inolako konpromiso politikorik hartuko, kontratuko beste aldea kontsultatu gabe, ez beste herrialdeari dagokionez, ez alde bakoitzaren Estatuak dituen metropoliei, koloniei eta mandatuei dagokienez. Horregatik bada, bai alde batek bai besteak ahalmena dute, desadostasunik izanez gero, hitzarmen hau berehala salatzeko.
11. Hitzarmen honek indarra izango du sinadura ekitalditik hasita. Hitzarmenak indarrean jarraitu du, nahiz eta alde baten edo bestearen araudia aldatu.
eta bere lehendakariaren izenean,
Atzerri Gaietako sailburu eta
Batzarraren Londreseko ordezkaria
José Ignacio de Lizaso
eta Frantziar Inperioaren Defentsarako
Kontseiluaren izenean,
Defentsa Kontseiluaren idazkari iraunkorra
Cassin irakaslea
HITZARMENARI BERRESPENA EMATEKO ELKARRI BIDALI ZIZKIOTEN TELEGRAMAK
DE GAULLE JENERALA
Bidalia 5/26 astelehena
Frantses-euskal akordioa sinatua, oso pozik igortzen dizut nire agurrik beroena, nire itxaropena da gure elkarlan honi esker bi herrion etsaiak gaindituko ditugula, demokrazia gailenduko dela, gure bi herriak askatuko ditugula.
Sinatua: Manuel de IRUJO
DE IRUJO LEHENDAKARIA
Jasoa 5/30 ostirala
Asko eskertzen dizkizut zure hitz adeitsuak stop Nik ere igortzen dizkizut neureak stop Gure bi herrion arteko elkarlana euskarri sendoa izango da gure etsaiak borrokatzeko eta munduan askatasun nazionalen garaipena lortzeko.
Sinatua: Charles de GAULLE
Inperioaren Defentsarako Kontseiluaren
Idazkaritza Iraunkorra
Londres, 1941eko maiatzak 30
MLehendakari jauna:
De Gaulle jeneralari eskura eman diot zuk hain prestuki igorri zenion telegrama, gure bi kontseiluen arteko akordioaren sinadura dela eta.
Atsegin handiz jakinarazten dizut segituan, De Gaulle jeneralak, zure izenean, kuartel nagusira bidali berri duen erantzuna:
"Asko eskertzen dizkizut zure hitz adeitsuak. Nik ere igortzen dizkizut neureak. Gure bi herrion arteko elkarlana euskarri sendoa izango da gure etsaiak borrokatzeko eta munduan askatasun nazionalen garaipena lortzeko. Sinatua: Charles de GAULLE".
Utz iezadazu egokiera honetaz baliatzen, zuri adierazteko zein atseginez jarri dudan nire sinadura, euskal herritarren lagun fidelak naizen honek, Jeneralaren eta Defentsako Kontseiluaren izenean, maiatzaren 17ko Akordioaren oinaldean.
Onar ezazu, lehendakari jauna, nire begirunearen sentimenduaren minena.
Euzkadiko Kontseiluko lehendakaria.