- Servando Marenco Reja korbeta kapitaina, Itsas Fusilarien 3. Batailoiaren burua.
- Juan de Arce Mayora korbeta kapitaina, Errekrutatze Batzordeburua.
- Angel de Agirretxe Goikoetxea 1. klaseko medikua, Itsas Fusilarien 3. Batailoiaren mediku nagusia.
- José Mª Abizanda Ballabriga 1. klaseko entseinaria.
- Antonio González García 1. klaseko entseinaria.
- Juan de Basabe Arrazola 2. klaseko entseinaria.
- Servando Marenco Delgado ofizialgaia.
Agirre lehendakaria 1940ko maiatzean desagertzeak eta alemaniarrek Frantzia inbaditu ondoren haren sailburuak klandestinitatera pasatzeak hankaz gora utzi zuen Euzko Jaurlaritzaren makineria administratiboa. Gobernuaren kanpo Delegazioek bakarrik jarraitu zuten funtzionatzen. Lehendakariaren eta haren sailburuen desagerpenak sortutako ordezkaritza hutsunearen aurrean, Ingalaterran zegoen EBBeko buruzagi talde batek, Errepublikako ministro ohi eta EAJko diputatu Manuel Irujok eta Londreseko delegatu Lizasok erabaki zuten erakunde bat sortzea, behin-behingoz hutsune hura bete eta Gobernu lanak beregain har zitzan. Erakundea 1940ko uztailaren 11n eratu zen, "Consejo Nacional de Euzkadi-Euzkadi'ko Batzar Nagusia" izenez.
Batzar Nagusiak lankidetza eskaini zion Gobernu britainiarrari, baina ez zuen espero izandako harrera izan. Gerraren gorabeherek, une hartan, britainiarren jarrera Franco ez erasotzea izatea ekarri zuten. Ingalaterrak, nazismoari aurre egiten zioten “mendebaldeko demokrazien” azken gotorleku bilakatua, ez zuen etsai gehiagorik nahi, eta kosta ahala kosta saihestu nahi zuen Francok gerran sartu eta Gibraltar base estrategikoari erasotzea. Euskal arazo nazionalaren aintzatespena ekar lezakeen edozein ekintzak Francoren erantzun oldarkorra eragin baitzezakeen.
Britainiarrek iradokita, Batzar Nagusiak harremanak hasi zituen Frantzia Librearekin, eta laster konturatu zen frantsesek ere interesa zutela harreman estuagoak izaten. Lankidetza akordio batera iritsi arte sei hilabetez jardun zuten solastatzen. Azkenik, ituna 1941eko maiatzaren 17an sinatu zen. Hiru ziren alderdi garrantzitsuenak: euskal boluntarioak Frantziar Indar Libreetako unitate batean sartzea, elkarlana ekonomian eta merkataritzan, eta Euskal Informazio Zerbitzuek frantziarrekin lankidetzan aritzea.
EUSKAL UNITATE MILITARRAREN SORRERA
Hasieratik Gobernu britainiarrak ez zuen Ituna begi onez ikusi, eta frantziarrei eskatu zien ezkutuan gordetzeko eta haren gauzatzea behin-behingoz bertan behera uzteko. Alabaina, Euzkadiko Batzar Nagusia hura abiarazten saiatu zen, mugapen haiek gorabehera. Ekainaren 11n Manuel Irujok telegrama bat igorri zion De Gaulleri Frantziar Indar Libreen barruan euskal unitate militar bat sortzea proposatuz. Ideia Armadako Estatu Nagusi-buruarengana iritsi zen, baina ez zuen aldeko harrerarik izan. Orduan Itsas Armadari igorri zitzaion proposamena. Orduko hartan Frantziar Itsas Indar Libreetako (FIIL/FNFL) komandante Muselier amiralordearen harrera oso positiboa izan zen. Gerora, ideiaren bultzatzaile nagusietako bat bihurtu zen Muselier.
Errekrutatzea diskrezio handiz egin behar zen. Uztailaren 24an, FNFLetako Estatu Nagusi-buru Moret itsasontzi kapitainak harremanak hasi zituen beren zerbitzuak Euzkadiko Batzar Nagusiari eskainitako ofizialekin; haietako batzuk euskal jatorrikoak ziren, beste batzuk antinegrinistak, eta Errepublikako ministro ohi Manuel Irujorengan lotura bat ikusten zutenak legaltasun errepublikanoarekin. Irailaren 10ean Moretek unitate berriko ofizialen zerrenda igorri zion Lizasori. Hurrengo egunean sortu zen FNFLetako Itsas Fusilarien 3. Batailoia.
Aukeratutako ofizialak FNFLetan sartzen ziren Armada errepublikarrean zeukaten baino bat edo bi maila apalago. Ofizialen taldea honela geratu zen eratuta:
Gainera, ofizial bitartekari izendatu zuten Philip Kieffer 1. klaseko entseinaria, Itsas Armadako komandoak sortuko zituena, ingelesa eta espainiera bazekiena. Gerora gaineratuko ziren Antonio Gamarra Calvo administrazio ofiziala, 1941eko azaroan, Errekrutatze Batzordekide bihurtu zena; Rosendo Piñeiroa Plaza itsasontzi tenientea 1942ko urtarrilean, eta Julian Hickman Urrutia eta Antonio Vera 1. klaseko entseinariak geroxeago.
Aldi berean, Moretek Lizasori bidali zion Batailoiaren Araudia. Bertan xedatzen zen aginte hizkuntza frantsesa izango zela; Batailoi barruan espainieraz mintzatuko zen, eta euskaldunek osatutako sekzioetan aginduak euskaraz eman zitezkeen. Boluntarioak errekrutatzea edo unitatearen ospea bultzatzen lagun zezaketen bandera eta ezaugarri bereziak erabiltzea ere baimentzen zuen.
Ofizial guztiek zeukaten Gerra Zibilean bereganatutako gaikuntza, eta nahikoa zen heziketa osagarri bat hartzea Aliatuen molde eta metodoetara egokitu eta haiek ezagutzeko. Hurrengo hilabeteetan arma arinen ikastaroak eta lehorreratze operazioak egin zituzten. Bien bitartean, Camberleyko Batailoiaren kuartelera iritsi ziren lehen boluntarioak. Denak latinamerikarrak ziren, batzuk euskal jatorrizkoak, beste batzuk frantziar kultur tradizioko familiakoak, eta beste batzuk, besterik gabe, kausa aliatuaren aldekoak ziren, bere hizkuntza mintzatzen zen unitate batean zerbitzatzea nahiago zutenak. Boluntarioak beren herrialdeetan Frantzia Librek zeuzkan bulegoetan ematen zuten izena, edo Frantziar Indar Libreen barruko beste zerbitzuetatik zetozen. Azkenean Batailoia osatu zuten euskal jatorriko edo jatorri espainiarreko ofizialek eta latinamerikar jatorriko soldaduek.
Prestakuntza ikastaroak amaitu ondoren, bi Marenco-tarrak, aita-semea, egiteko berezi batean bidali zituzten Brazzavillera. Alemaniarren jarduerak zelatatu behar zituzten Gineako espainiar jabegoetan. Koloniako euskaldunekin harremanetan jarri behar zuten informazioa biltzeko eta beren helburuetarako erabil zitezkeen aliatuen aldekoen zerrenda bat prestatzeko. Zuzeneko ekintza militar bat baztertuta geratzen zen, Espainia gerran sartu ezean. Baina ofizialak denbora asko eman zuten Brazzavillera iristen eta ia ez zuten astirik izan egitekoa gauzatzeko, 1942an Batailoia desegin eta itzuli behar izan baitzuten.
Marenco Afrikara abiatzean, Arce korbeta kapitainak ordeztu zuen Batailoiaren buruan. 1942ko urtarrilean lehen konpainia eratu zen, Piñeiroa itsasontzi tenientearen agindupean, eta otsailaren 14an Moret itsasontzi kapitainak ikuskatu zuen. Ekitaldi berean Moretek Batailoiaren intsignia berria entregatu zien boluntarioei. Erabili zuten lehen intsignia ikurrin txiki bat zen, bularreko ezkerraldean kokatua. Behin betikoak gurutze zuri bat erreproduzitzen zuen atzealde gorri baten gainean, eta haren gainean Gernikako haritza, ikurrinaren koloreak konbinatuz, eta Nafarroako kateek multzoa inguratzen. Oraingoan bularraren eskuin aldean kokatu zen, FNFLkoen uniformetan Lorenako gurutzeak okupatzen zuen lekuan.
BATAILOIAREN DESEGITEA
Baina Batailoiari denbora gutxi geratzen zitzaion, britainiarren aurkakotasuna zela-eta. Ofizialki, Itsas Fusilarien 3. Batailoia FNFLn trebatzen zen unitate bat zen, besterik ez. Foreign Officek ez zion euskal izaera ezagutu hilabete batzuk pasatu arte. Jakin zuenean galarazi egin zuen Errekrutatze Batzordea Amerikara aldatzea edo telegrafozko aginduak bidaltzea han eratu zedin. De Gaullek berak, Lizasorekin urtarrilaren 6an izan zuen bilera batean, jakinarazi zizkion ingelesak euskal unitateari jartzen ari zitzaizkion trabak.
Eta aurkakotasuna ez zetorren soilik alde britainiarretik. De Gaulle jeneralaren Estatu nagusiak berak ere, eskuindar ofizialek osatzen baitzuten, espainieraz mintzatzen ziren soldadu haiengan pertsona subertsibo talde bat baino ez zuen ikusten. Beraz, ahal zuen guztia egin zuen errekrutatzea galarazteko. Batailoian sartzea eskatu zuten Latinamerikako zenbait boluntario Afrikara zihoazen tropetan sartu zituzten, haien eskakizunari erantzun gabe. Oztopo horien guztien emaitza izan zen unitateak ez zuela inoiz izan 80 gizon baino gehiago.
Gainera, Frantzia Librearen barruan beste gauza bat gertatu zen, Batailoiaren etorkizunean eragina izango zuena. 1940tik aurrera De Gaulleren eta Muselierren arteko harremanak gaiztotzen zituzten desberdintasunen ondorioz, De Gaullek kendu egin zuen Muselier FNFLren agintetik 1942ko martxoaren 4an, eta haren ordez Auboyneau kontra-amirala ezarri. Erreleboak tentsio handiak eragin zituen FNFLren barruan, eta marinelen artean greba saioak, protestak eta dimisioak izan ziren. Azkenean Auboyneauk agintea hartu zuen apirilaren 20an, eta Muselierrek maiatzaren 15ean iragarri zion De Gaulleri beren arteko elkarlana bukatu zela.
Muselier joan zenean, harekin batera joan zen Batailoiaren babesle nagusia. Maiatzaren 23an Auboyneau amiralak Itsas Fusilarien 3. Batailoia desegiteko agindua sinatu zuen. Desegitea Frantziar Batzorde Nazionalak erabaki zuen, arrazoia izanik “britainiar gobernuak hartutako jarrera, eragozpenak ikusten baititu bere lurraldean, etiketa frantses pean, nazionalitate ez-frantseseko gizonek osatutako nolabaiteko tamainako indar multzo bat eratzea baimentzeko, eta gertatzen ari den errekrutatzearen printzipioaren aurka Churchill-De Gaulle itunak argudiatzen ditu". Agindu berean hiru aukera ematen zitzaizkien boluntarioei: Atzerritar Legioa, Ekialdeko Itsas Fusilarien Batailoia edo desmobilizazioa.
Boluntarioek Agirre lehendakariak erabakia har zezan utzi zuten, Euzko Jaurlaritzaren zuzendaritza ostera hartua baitzen. Hark nahi zutena egiteko esan zien: ofizial gehienek eta zenbait soldaduk Frantziako Indar Libreetan jarraitzea erabaki zuten, eta gainerakoek desmobilizazioa aukeratu zuten. Desegitea gertatu baino lehen, De Gaulle jenerala buru izan zen Piñeiroa konpainiaren hotsandiko desfile batean, eta amaitzean honako hau esan zuen, hitzez hitz: "Unitatearen desegitea nire borondatearen aurka agindu behar izan dut. Motibo diplomatikoek hala eskatu dute. Ni ez nago nire herrialdean. Frantzian egon bagina, ez zen sekula halakorik aginduko". Solasaldi pribatu batean, gainera, esan zuen Albako Dukeak, Francoren enbaxadorea Londresen, kexu bat aurkeztu zuela Foreign Officeren aurrean, eta horregatik eskatu zuela euskal unitatearen desegitea.
Frantzia 1944an askatua izan ondoren, britainiar Gobernuak aplikazioen etetea jakinarazi zien bai frantziar Gobernuari bai euskal Delegazioari, eta euskal-frantses Itunaren sekretua indargabe geratzen zirela Britainia Handiari zegokionez. Keinu hark ez zuen inolako eraginik izan, Ituna sorrarazi zuen egoera oso aldatu zelako. Eta Itsas Fusilarien 3. Batailoiak irekitako bidea Gernika Batailoiak jarraitu zuen.