Euzkadi’ko Gudontzidiaren Laguntza’ko Ontzitaldea (1936-37)
Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 23a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

F.N.F.L.ETAKO KRONOLOGIA

1940-6-14.- Alemanek Paris hartu dute.
1940-6-16.- Paul Reynaud Frantziar Gobernuburuak uko-agiria aurkeztu du Bordelen bildutako Diputatuen Ganberaren eta frantziar Senatuaren aurrean. Gobernu berri bat eratzea eskatu zaio Pierre Laval eskuindarrari.
1940-6-17.- Lavalek ganberei inposatu die Pétain mariskala Ministro Kontseiluaren Lehendakari gisa, eta hari «gobernu aginte osoak» eman alemanekin armistizio bat sina dezan. Defentsa ministroordeak, De Gaulle jenerala, Ingalaterrara ihes egin du.
1940-6-18.- De Gaulle jeneralak deialdi bat egin die frantziarrei Londresko BBCtik etsaiaren aurka borrokan jarrai dezaten Frantzia askatu arte.
1940-6-22.- Pétain eta Lavalen frantziar gobernu berriak alemanen aurrean errenditu eta armistizioa sinatu du. Frantziar gobernu berriaren egoitza Vichy bainu hirian instalatu da.
1940-6-24.- De Gaullek gaitzetsi egin du Pétain mariskalak Alemaniarekin sinatutako armistizioa (ekainak 23).
1940-6-27.- Narval itsaspekoa da De Gaulleren deialdiari erantzun dion lehen gerraontzia. Gibraltarrera iritsi da Émile Muselier amiralordea Marseillatik, eta bilera bat egin du Rhin, Anadyr, Forbin, Capo Olmo konfiskatutako zamaontzietako eta Président Houduce patruila ontziko eskifaiekin eta armistizioaren ondoren Frantziatik ihes egindako ehun-bat hegazkinlarirekin; denek adierazi dute borrokarekin jarraitzeko beren prestasuna, De Gaulle jeneralak ekainaren 18an egindako deiaren ildotik.
1940-6-28.- Winston Churchill lehen ministro britainiarrak De Gaulle ezagutzen du «kausa aliatuaren defentsan gerran jarraitzen duten frantziarren buru» modura.
1940-6-29.- Frantzia Libreko Rubis itsaspekoaren lehen egitekoa Norvegiako kostaldean.
1940-7-1.- Frantziako Indar Libreak sortu dira. Émile Muselier amiralordea izendatu dute Frantziako Itsas Indar Libreetako (militarrak eta zibilak) buru, eta behin-behingoz Frantziako Aire Indar Libreetakoa ere. Era berean zerbitzu sekretu batzuk sortu dira (2e et 3e Bureaux), André Dewavrin (Passy) kapitainaren agindupean.
1940-7-1/9-25.- Udako hiletan, gutxienez 23 euskaldunek izena eman dute FNFLetan. Haien artean batzuk oso gazteak dira, hala nola Bernard Crouzat (Baiona, 1922-4-6), FNFLetan jardun zuen emakumezko euskaldun bakarra, Marthe Marie Larramendy (Donibane Lohizune, 1909-8-8), eta izena eman zuen hegoaldeko lehen euskalduna, Juan Antonio Castro Izaguirre (Tolosa, 1911-6-26), Errepublikaren Itsas Armadako ofiziala Gerra Zibilean.
1940-7-3.- Catapult Operazioa. Britainiar ontzidiak Vichyko ontzidiari eraso dio Mers-el-Kébir-en. Britainia Handian zeuden ontzi frantsesak konfiskatu eta gero FNFLen zerbitzura jarri dira. 1942ko ekainean 40 gerraontzi aktibo dituzte (65etik), 3.600 itsasgizon ontziratuta, itsas fusilarien batailoi 1 eta komando unitate 1. Merkataritza ontzidiak 170 ontzi ditu, haietatik 67 aktibo.
1940-8-7.- Churchillek eta De Gaullek itun bat sinatu dute; bertan Britainia Handiak Frantzia Librea ezagutzen du, eta Frantziaren independentzia gordetzera konprometitzen da, eta beren harremanak gidatuko dituzten arauak definitzen ditu.
1940-9-23/25.- Menace Operazioa. Britainiar ontzidiak Dakarri eraso dio. Erasoan FNFLetako ontziek hartu dute parte lehendabiziko aldiz: Savorgnan de Brazza, Commandant Duboc eta Commandant Dominé agindu ontziak eta Président Houduce patruila ontzia.
1940-10-22.- Max Martin Ibarlucia Itsas Armadako ofizialak (Hanoi, 1917-5-30) CH10 Bayonne itsaspekoen kontrakoaren agintea hartu du, 1943-5-23 arte eutsiko diona.
1940-10-27.- Brazzavillen irakurritako manifestu batean, De Gaullek iragarri du Frantziako Inperioaren Defentsa batzordearen sorrera, Frantzia Librearen gobernu-organoa.
1940-11-7/14.- Frantzia Libreak Frantziar Afrika Ekuatoriala okupatu du. Operazioan parte hartu dute britainiar ontziak, Savorgnan de Brazza eta Commandant Dominé agindu ontziek eta Président Houduce patruila ontzia. 9an Savorgnan de Brazzak estreinako aldiz hondoratu du Vichyko ontzi bat guduan, Bougainville agindu ontzia, Librevillen.
1941-5-17.- Londresen sinatu da elkarlan politiko-militarrerako itun euskal-frantziarra CDIFen eta Euzkadiko Kontseilu Nazionalaren artean.
1941-5-31/6-15.- Rubis itsaspekoaren patruilaldia Bizkaiko golkoan.
1941-6-3.- Brin italiar itsaspekoak Frantzia Libreko Djurdjura merkataritza ontzia hondoratu du Atlantikoan. Hildakoen artean Louis Detrez artilleriako kontramaisua dago (Baiona, 1920-7-18).
1941-7-22.- Zerbitzuan harrapatutako eritasun bat dela-eta, Suezen (Egipto) hil da Pierre Dupin ofizial mekanikaria (Baiona, 1901-7-14), Frantzia Libreko merkataritza ontzidiko Félix Roussel baporekoa.
1941-9-11.- 41-5-17ko akordioen emaitza gisa, Frantziako Itsas Indar Libreen Itsas Fusilarien 3. batailoia sortu da.
1941-9-18.- Muselierrek De Gaulleri eskatu dio «Batzorde eragile» bat sor dezala politika orokorra eramateaz ardura dadin, eta mehatxu egin du Frantzia Librea utziko duela bere proposamena ez bada aintzat hartzen.
1941-9-24.- Londresen finkatu da Frantziako Batzorde Nazionala, CDIF ordeztuz Frantzia Librearen gobernu organo gisa. De Gaullek izendatutako komisarioek osatu dute; Émile Muselier amiralordeak Itsas Armada ministerioa du.
1941-12-24.- FNFLen flotilla batek (Mimosa, Alysse, Aconit korbetak eta Surcouf itsaspekoa), Muselier amiralaren agindupean, Saint-Pierre et Miquelon artxipelagoa hartu du Frantzia Librearentzat.
1942-1-8/20.- Rubis itsaspekoak bigarren patruilaldia egin du Bizkaiko golkoan, eta mina lerro bat ezarri Donibane Lohizune eta Baiona artean. Emaitzarik gabe.
1942-1-17.- Informazio eta Ekintza Militarreko Bulego Zentrala sortu da (BCRAM=Bureau Central de Renseignement et d'Action Militaire), Frantzia Librearen 2e Bureauren jarraitzailea, Dewavrin kapitainaren agindupean (Passy). Abuztuan BCRA bihurtu da, atal ez militar bat sortzean.
1942-2-8.- Alysse korbeta torpedoz jo du U-654 itsaspeko alemanak ON-60 konboia eskoltatzen ari zelarik Atlantikoan; 36 hildako izan dira, eta eskifaiako beste 34 salbatu dituzte. Otsailaren 10ean hondoratu zen, portura atoitzen ari zirela. Hildakoen artean St. Pierre et Miqueloneko 5 marinel daude.
1942-2-18.- Surcouf itsaspekoa hondoratu egin da istripuz talka egin duenean gauez Thompson Lykes merkataritza ontzi iparramerikarrarekin Mexikoko golkoan, eta haren eskifaiako 130 gizonekin batera desagertu. Haien artean zegoen Laurent Picabea kontramaisu elektrikaria (Hendaia, 1920-4-14).
1942-2-27/28.- Erasoa Bruneval irrati-postu alemanaren aurka. Bertan parte hartu dute CH10, CH11 eta CH42 itsaspekoen kontrakoek.
1942-3-4.- De Gaulleren eta Muselierren arteko desadostasunak direla-eta, azken hau kargugabetu eta haren ordez Philippe Auboyneau kontramirala jarri dute FNFLen buruan, kargua apirilaren 20an hartu duena.
1942-4-16.- Vikings patruila ontzia U-81 itsaspeko alemanak torpedoz jo Saidaren parean eta hondoratu egin da eskifaiako 41 lagunekin, baina beste 16 salbatu egin dira. Hildakoen artean Armand Mailharin artilleriako kontramaisu baxenafartarra dago (Lüküze, 1919-1-14).
1942-5-23.- Auboyneauk Itsas Fusilarien 3. Batailoia deuseztea agindu du.
1942-5-27/6-11.- Frantziako 1. Brigada Libreak (3.700 gizon), KÅ“nig jeneralaren agindupean, geldiarazi egin du 14 egunez Afrika Korpsen (40.000 gizon) erasoa, eta denbora eman erretiratzen ari den 8. britainiar Armadari berrelkar dadin El-Alameineko lerro gotortuan, hartara behin betiko geldiaraziz Rommelen aurrerabidea. Brigadak 800 hildako eta desagertu izan zituen.
1942-5-27.- Chevreuil agindu ontziak Wallis-et-Futuna artxipelagoa okupatu du Frantzia Librearentzat (base aurreratu papera beteko duena Mendebal Pazifikoko indar iparramerikarrentzat).
1942-5-27/6-14.- Rubis itsaspekoak bere hirugarren patruilaldia egin du Bizkaiko golkoan, eta ekainaren 5ean mina sorta bat ezarri Baionatik iparraldera. Hondoratuak gertatu dira M-4212 (42-6-12) eta M-4448 (42-9-20) mina-dragatzaile alemanak eta Quand Même atoiontzi frantziarra (42-6-26).
1942-6-9.- Mimosa korbeta torpedoz jo eta hondoratu egin du U-124 itsaspekoak ONS-100 konboia eskoltatzen ari zenean Atlantikoan; 64 hildako izan ziren, eta soilik 4 eskifaiakide salbatu. Hildakoen artean St. Pierre et Miqueloneko 15 marinel daude. Gerran uharteetako 25 itsasgizon hil ziren guztira.
1942-6-30/7-15.- Rubis itsaspekoak beste patruilaldi bat egin du Bizkaiko golkoan, mina langa bat ezarriz Baionatik Arcachoneko iparralderaino. Hondoratua gertatu zen M-4401 mina-dragatzaile alemana (42-7-10).
1942-7-13.- CNFk erabaki du Frantzia Libreari orain «Frantzia Borrokatzailea» deitzea; erakunde berriak barne hartzen du berez Frantzia Libre esandakoa eta «Frantzia gatibua», hau da, okupatzaileen aurka ari zen barne Erresistentzia.
1942-8-8/18.- Rubis itsaspekoak bosgarren patruilaldia egin du Bizkaiko golkoan, eta 32 minako langa bat ezarri Arcachon eta Lacanau-Océan artean abuztuaren 14an. Hondoratua gertatu da V-406 patruila ontzi alemaniarra (42-8-18) eta matxuratua V-600 (42-9-22).
1942-8-17.- Turbulent britainiar itsaspekoak Nino Bixio ontzi italiarra torpedoz jo du Mediterraneoan 3.000 gerra-preso zeramatzala. Ontzia Navarino-ra (Grezia) atoian eraman ahal izan zen. Erasoan 300dik gora preso hil ziren, besteak beste Edouard Lasbordes marinela (Baiona, 1920-2-22). Itsas Fusilarien 1. Batailoian zerbitzatzen zuen, eta italiarrek Bir Hakeimeko guduetan atzeman zuten.
1942-8-19.- Jubilee Operazioa. Dieppe portuaren aurkako eraso aliatua ipar Afrikan (Torch Operazioa) eta Normandian (Overlord Operazioa) egindako lurreratzeen aurrekaria izango da. Parte hartu dute erasoan CH10 Bayonnek, hegazkin aleman bat eraistea lortu duena, CH41ek, CH42k eta CH43k.
1942-11-8.- Torch Operazioa. Lurreratze anglo-iparramerikarra Marokon eta Aljerian. Frantzia Borrokatzailea operaziotik kanpo gorde dute, baina De Gaullek deialdi bat egin die Ipar Afrikako tropa frantziarrei tropa aliatuei aurre egin ez diezaieten. Darlan amiralak agintea hartu du Aljerian Pétainen izenean eta Roosevelt presidente iparramerikarraren babesarekin.
1942-11-11.- Alemanek Hego Gunea inbaditu dute (Vichyk administratutako okupatu gabeko gunea).
1942-11-16.- De Gaullek gaitzetsi egin ditu anglo-iparramerikarren eta Frantziar Ipar Afrikako delegatuen artean sinatutako itunak.
1942-11-26.- Toloneko ontzidi frantziarra ondoratu egin dute haien eskifaiek: Itsas Armada frantsesaren erdia baino gehiago desagertu da.
1942-12-24.- Darlan amirala hil du Aljerren Erresistentziako gazte batek, Vichyko agintariek atxilotu eta exekutatu egingo duena.
1942-12-27.- «Batzorde Inperialak» (Vichyko prokontsulek eratua) Giraud izendatu du Frantziar Ipar Afrikako «buru zibil eta militarra».
1942-12-30.- Fidelity britainiar gurutzontzi lagungarria, FNFLen eskifaia daramana, torpedoz jo du U-435 itsaspeko alemanak ONS-154 konboia eskoltatzen ari zenean Atlantikoan, eta hondoratu egin da ia eskifai guztiarekin. Hildakoen artean Bernard Crouzat entseinaria zegoen (Baiona, 1922-4-6).
1943-1-22.- De Gaulle Marokora iritsi da; lehen bilera Giraudekin.
1943-1-29.- Istripuz itota hil da Takoradi-n (Ghana) merkataritza ontzidiko Pierre Partarieu (Hazparne, 1907-6-21) Frantzia Libreko Désirade baporekoa.
1943-2-23.- CNFk memorandum bat igorri dio Giraudi Frantzia Borrokatzailearen eta Aljerreko agintarien arteko geroko itunaren oinarriak finkatzeko.
1943-3-6/7.- Hiru hilabete instrukzio lanetan aritu ondoren, zerbitzuan hasi da FNFLen Torpedo Txalupen 23. Flotilla. MTB 94, MTB 96, MTB227 eta MTB239 txalupek eraso-patruila bat egin zuten Mantxako Kanalean.
1943-3-10/11.- Guduan sartu da lehen aldiz Torpedo Txalupen 23. Flotilla. MTB 94 eta MTB 96ek Sept Isles-en konboi aleman bati eraso eta zamaontzi bat hondoratu dute.
1943-3-14.- Giraudek onartu egin ditu CNFk otsailaren 23an proposatutako baldintzak.
1943-5-13.- Tunisiako tropa aleman-italiarren kapitulazioa: «Afrikako gudu handia garaipen handi batez bukatu da» (De Gaulle).
1943-5-17.- Godfroy amiralak (Force X Alexandrian kokatua) AFNren Itsas Indarrekiko atxikimendua adierazi du.
1943-6-1.- Giraudek Muselier izendatu du Aljerreko polizia prefeta.
1943-6-3.- De Gaulleren Frantziako Batzorde Nazionalak bat egin du Frantziar Ipar Afrikako aginte zibil eta militarrarekin, Giraud jeneralaren aginduetara bera, eta Nazio Askapenerako Frantziar Batzordea (CFLN frantsesez), bien presidentzia pean. Azkenean Giraudek galdu egin zuen presidenteordetza 1943ko azaroaren 9an.
1943-6-29/7-16.- Rubis itsaspekoak bere seigarren eta azken patruilaldia egin du Bizkaiko golkoan, eta mina lerro bat ipini Baionatik iparraldera, Biscarrosse parean, uztailaren 5ean. Hondoratuta geratu da M-4451 mina-dragatzaile alemana (43-7-10), eta Bordsee merkataritza ontzia, berriz, matxuratuta (43-7-10).
1943-7-17.- Jean-Pierre Graille entseinaria Mexikoko Golkoan desagertu da 6. Esplorazio Flotillako Catalina hidroabioian gauez entrenamendu hegaldi batean ari zela (Donibane Lohizune, 1919-10-30).
1943-7-24.- FNFLetan sartu da hori egin duen euskaldun gazteena, Gerard Brett (Biarritz, 1925-8-16), 17 urte besterik ez duela.
1943-7-31.- Ardatzaren aurka gerran dauden frantziar indar guztien bateratzea; izen-emateen amaiera FFLetan. CFLNk erabaki du Giraudek, CFLNren buru nagusi eta presidenteordeak Frantzia Borrokatzailearen aginte gorenen gidalerroak bakarrik gauzatuko dituela. Defentsa Nazionalerako Batzorde baten sorrera, De Gaulleen aginduetara.
1943-8-3.- Afrikako Itsas Indarrek bat egin dute FNFLekin.
1943-8-26.- CFLN ezagutu egin dute potentzia aliatu handiek.
1943-11-9.- CFLNren osaketa berria: Giraudek atzera egin du, De Gaulle geratzen da presidente bakarra.
1945-2-23.- FNFL zaharreko La Combattante torpedo ontzia hondoratu egin da eskifai osoarekin Humber itsasadarrean mina bat jotzean Cromer-en parean; 68 hildako gertatu da, eta gainerako 117 eskifaiakide salbatu dituzte. Gérard Brett (Biarritz, 25-8-16), Georges Ibanez (Ortzaize, 1920-10-13) eta Maurice Etcheverry (Ziburu, 1923-3-27) marinelak daude hildakoen artean.

 

Itsas armaden zerrendara itzuli