- Itsas armada:
- Rifeko Errepublikaren Itsas Armada (1922-26)
- Historiala:
Ipar Marokoko berbere herria espainiar okupazioaren aurka altxatu zen, eta haren armada Annualen gainditu ostean independentzia aldarrikatu zuen 1921eko irailaren 18an, Muhammad Abd-el-Krim el Jatabi emiraren zuzendaritzapean. Abd-el-Krimek Rifeko Errepublika eratu zuen, eta haren gobernua, armada eta ontzidia antolatu. Rifeko Itsas Armada 1922an antolatu zen, Haddu Ben Ali el Maalen-en zuzendaritzapean, Axdir-en kokatua. Itsas Armadaren Ikuskaritza Rifeko Gobernuaren Kanpo Arazoetako Ministerioaren pean zegoen, eta bi txalupa motordun eta 30 marinel besterik ez zuen izan, batez ere kostazaintzaz, honigaien kontrabandoaz eta portu zerbitzuaz arduratzen zirenak. Ontziok atzeman egin zituzten espainiar tropek 1926an, Alhucemaseko lehorreratzea eta Abd-el-Krimen porrotaren ondoren; Abd-el-Krim, Haddu Ben Ali eta beste buru berbere batzuekin batera, errenditu egin zen Frantziaren aurrean, eta Reunion uhartera deportatu zuten.