Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 21a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Beste itsas armada lagungarrien zerrenda:

 
Manzhuguo-ko Ibai Defentsarako eta Itsas Poliziaren Ontzidia (1932-45) Manzhuguo-ko Ibai Defentsarako eta Itsas Poliziaren Ontzidia (1932-45)
Itsas armada:
Manzhuguo-ko Ibai Defentsarako eta Itsas Poliziaren Ontzidia (1932-45)
Izena:
江防舰队 = Jiangfang Jiandui / 江上軍 = Jiang Shangjun & 海上警察隊 = Haishang Jingchadui
Historiala:

1931ko irailean armada japoniarrak Mantxuria txinatar eskualdea inbaditu zuen, eta 1932ko otsailaren 18an Manzhouguo (Mantxukuo) estatua sortu, estatu txotxongilo bat, errealitatean japoniar aholkulari eta militarrek zuzendua. Songha (Sungari) ibaiko ontzidi txinatarra japoniarren aurrean otsailaren 15ean errenditu eta estatu berriaren Ibai Defentsarako Ontzidia bihurtu zen (Jiangfang Jiandui). Haren komandantea, Yin Zuoqian itsasontzi kapitaina, izendatu zuten Itsas Armada berriaren buru, kontra-amiral mailarekin, benetako agintea Ito Seiichi itsasontzi kapitainak izan arren, japoniar itsas misioburuak. Mantxuriar ontzidia bost ibai-kanoiontzik osatzen zuten (Lisui, Liji, Jiangqing, Jiangping, Jiangtong) eta Harbin-en zuen base nagusia. Japoniarrek gerora sendotu egingo zuten lau kanoiontzi korazatu (Shuntian, Yangmin, Dingbian, Qinren), sei ibai-kanoiontzi (Datong, Limin, Xichun, Yangchun, Xingya, Xingren), hamazortzi patruila ontzi, zenbait ontzi lagungarri eta itsas infanteriako hiru batailoirekin, guztira, 2.000tik gora gizon, 1940an. Ofizial gehienak eta tripulatzaile asko japoniarrak ziren.

1939ko otsailean Mantxuriaren kontrolaren gaineko japoniar Itsas Armadaren eragin politikoa galtzeak itsas irakasleen parte handi batek atzera egitea ekarri zuen, eta Ontzidia Lurreko Armadan sartu zen. Ibai Armada izena hartu zuen (Jiang Shangjun), eta haren komandanteak, ordurako amiralordea zen Yin Zuoqian, teniente jeneral maila bereganatu zuen. Haren ondotik etorri ziren Li Wenlong (41-mar/42-ira), Xian Yuan (42-irai/44-mar) eta Cao Bingsen (44-mar/45 - abu) jeneralak.

Ibai Defentsarako Ontzidia erabili zen batez ere ibai nabigazioa kontrolatzeko, armadari laguntzeko japoniar inbasioari aurre egiten zioten indar txinatarren aurkako borrokan, eta Sobietar Batasunarekiko ibai mugak defendatzeko Songha, Heilong (Amur) eta Wusuli (Ussuri) ibaietan. Hasierako urteetan sarri borrokatu ziren txinatar gerrillarien aurka. Behin batean matxinatu egin zen Liji kanoiontziko eskifaia (32-10-21), eta ofizial japoniarrak hil ondoren ontzia utzi eta bat egin zuten gerrillarekin. 1936tik aurrera erresistentzia dezente apaldu arren, Sobiet Batasunarekiko tentsioa areagotuz joan zen, eta mugaldeko gatazka ugari sortu ziren; larrienak, Ganchazi edo Bolshoi uhartekoa (37-6-19/30), zeinean sobietar kanoiontzi bat hondora joan baitzen, Donganzhen-ekoa (39-5-27), zeinean patruila ontzi bat hondoratu eta beste bat atzeman egin baitzuten, eta Xingkai edo Janka aintzirakoa (42-mai), zeinean bi patruila ontzi mantxuriar metrailatu baitzituzten.

1942an ontzidian geratzen zen japoniar itsas jende gehiena berriro sartu zen japoniar Itsas Armadan, haien eraginkortasun operatiboa oso apalduz. 1945eko abuztuaren 9an tropa sobietarrek inbaditu egin zuten Manzhouguo. Hurrengo egunetan lau kanoiontzi eta hiru patruila ontziko eskifaiak mutinatu eta beren burua entregatu zuten sobietarren edo erresistentziaren aurrean; ontzidiaren gainerakoa atzeman egin zuten tropa zobietarrek abuztuaren 20an, Harbin hartu zutenean.

Ibai Ontzidiarekin zerikusirik izan gabe, japoniar Itsas Armadak 1932ko apirilean Itsas Polizia sortu zuen (Haishang Jingchadui), Manzhouguoko Barne Ministerioaren mendean. Bohai eta Huanghai (Itsaso Horia) kostaldea eta Liaohe ibaia zaintzea zen haren zeregina, baina 1942tik aurrera eskolta lanak ere egin zituen kostaldeko trafikoan. Hasieran bi patruila ontzik (Jinghai, Kuaima) eta hamabi jungu armatuk osatzen zuten. Ondoren gaineratu zitzaizkien destroier bat (Haiwei), bi kanoiontzi (Hailong, Haifeng), zazpi patruila ontzi (Rongan, Juntong, Jiuzhong, Haiguang, Hairong, Haihua, Hairui), garraiontzi armatu bat (Haiwang), hamazortzi patruila ontzi eta dozena bateraino hegazkin. Unitate haren buruan Miyabe Toshimisu japoniar itsasontzi kapitaina zegoen, eta 1936an maila bereko Sakura Hiroshik eta, handik gutxira, Wakaki Genjik ordeztu zuten. Base nagusia Yingkoun zeukan, eta 800 gizon izatera iritsi zen, haietako erdia japoniarrak. Haiwei japoniar Itsas Armadari itzuli zitzaion 1942an, Kuaima ezbeharrean galdu zen ekaitz batean (44-urr), Haiwangi torpedoz eraso zion Billfish estatubatuar itsaspekoak (45-8-7), eta gainerako ontziak sobietarrek atzeman zituzten Yingkou eta Lushun hartzean (45-8-20 eta 22).

 
Cannonero-Shuntian-de-la-Flota-Fluvial-de-Manzhouguo.jpg Marinos-japoneses-en-un-cannonero-manchu.jpg Patrullero-Haifeng-de-la-Policia-Maritima-de-Manzhouguo.jpg
 

Itsas armaden zerrendara itzuli