Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 24a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Beste itsas armada lagungarrien zerrenda:

 
Frantziar Itsas Indar Libreak (1940-43)
Itsas armada:
Frantziar Itsas Indar Libreak (1940-43)
Izena:
Forces Navales Françaises Libres
Historiala:

Frantziako Itsas Indar Libreak 1940ko ekainaren 27an sortu ziren, Émile Muselier almirantordea Marseillatik Gibraltarrera iritsi eta 4 zamaontzi eta arrantzontzi bateko eskifaiekin eta Frantziatik armistizioaren ondoren ihes egindako ehun bat hegazkinlarirekin bildu zenean. Denak prest agertu ziren borrokarekin jarraitzeko, De Gaulle jeneralak egindako deialdiaren ildotik. Muselierrek Londresera egin zuen, talde hura De Gaulleren aginduetara ipintzeko; hark, uztailaren 1ean izendatu zuen Frantziako Itsas Indar Libreen (FNFL) buru, eta aldi baterako Frantziako Aire Indar Libreen (FAFL) buru.

FNFL haietara bildu ziren Frantzia Libreko bai gerra itsasontziak bai merkataritza ontziak. Gehienak ontzi frantsesak ziren, Ingalaterrako portuetan babes hartutakoak eta gobernu britainiarrak De Gaulleren eskuetan jarri zituenak; Ingalaterran eraikitakoak ere bazeuden. FNFLek ez zuten inoiz jende nahikorik izan, ezta ordezko piezarik ere, entregatutako ontzi guztiak zerbitzuan jartzeko. 1942ko ekainean aktibo zeuzkaten 40 gerraontzi (eskura zeuden 65etik) eta 67 merkataritza ontzi (170etik). Kuartel nagusia Londresen zegoen, eta base nagusiak Portsmouth (itsas eskola eta gordailuak), Cowes (itsaspekoen kontrakoak), Dartmouth (torpedo txalupak), Weymouth (txalupa motordunak), Greenock (eskoltak eta korbetak), Dundee (itsaspekoak) eta Liverpoolen (Merkataritza ontzidia), baina ontzi haiek ez zuten jardun soilik base britainiarretatik, baita Afrika, Amerika, Ekialde Hurbil eta Pazifikoko hainbat portu kolonial frantsesetatik ere.

FNFLen hiru urteko bizitzan bertan zerbitzatu zuten 2 torpedoen kontrako (Leopard, Triomphant), 2 eskolta-destroier (La Combattante, La Melpómene), 5 agindu ontzi (Chevreuil, Commandant Dominé, Commandant Duboc, La Moqueuse, Savorgnan de Brazza), 9 korbeta (Aconit, Alysse, Commandant d’Estenne d’Orves, Commandant Detroyat, Commandant Drogou, Lobélia, Mimosa, Renoncule, Roselys), itsaspeko gurutzontzi 1 (Surcouf), 5 itsaspeko (Curie, Junon, Minerve, Narval, Rubis), gurutzontzi lagungarri 1 (Cap des Palmes), 8 patruila ontzi, 11 itsaspekoen kontrako, 12 mina-dragatzaile, 8 torpedo txalupa, 13 txalupa motordun eta beste 11 ontzi, instrukzio lanetan edo ur gaineko base gisa erabiliak, Courbet gurutzontzia barne. Itsas fusilari unitateak, komandoak, itsas abiazioa eta zerbitzu lagungarriak ere izan zituzten.

De Gaulleren eta Muselierren artean sortutako iritzi desberdintasunek dimisioa ematera behartu zuten Muselier, eta 1942ko martxoan Philippe Auboyneau kontramiralak hartu zuen haren lekua. Merkataritza ontzidia bereizi egin zen ontzidi militarretik, eta Bingen komandanteak hartu zuen haren zuzendaritza; gerora Wietzel komandanteak ordeztuko zuen. Aliatuek Maroko, Aljeria eta Tunez okupatu ondoren, Frantzia Libreak bat egin zuen Ipar Afrikako Giraud jeneralaren aginte zibil eta militarrarekin, eta Nazio Askapenerako Frantziar Batzordea sortu zen, egoitza Aljerren zuena. 1943ko abuztuaren 3an FNFLek bat egin zuten Ipar Afrikako Itsas Indarrekin Askapenerako Frantziar Itsas Armada berria eratzeko, Base britainiarretatik lanean jarraitu zuten unitateak talde moduan antolatu ziren; Britainia Handiko Itsas Indar (FNGB) haiek FNFL ohien espirituari eutsi zioten gerra amaitu arte.

FNFLetan lehen aldiz zenbait menderen ondoren elkarren ondoan borrokatu ziren Bidasoako ipar zein hegoaldeko euskal itsasgizonak. 70 izan ziren guztira: 44 lapurtar, 2 jatorri horretakoak baina Asian jaioak, 6 baxenafartar, 7 zuberotar, arabar 1, 6 bizkaitar, 3 gipuzkoar eta hego Nafarroako 1, eta horiei gainera lekieke gutxienez biarnotar euskaldun bat. FNFLetan St. Pierre et Miqueloneko 403 boluntario egon ziren, haietako asko euskal jatorrikoak. Euskal unitate militar bat antolatzera ere iritsi ziren 1941en, Itsas Fusilarien 3. Batailoia. Ingelesek saihestu egin nahi zuten Francoren Gobernua gerran sartzera anima zezakeen edozein ekintza, eta haien presioen ondorioz unitatea bertan behera geratu behar izan zuen 1942n.

 
Colocando-las-insignias-al-3-BFM-Camberley-14-FEB-1942.jpg El-submarino-Surcouf-se-hundio-accidentalmente-en-1942.jpg FNFL-Almirante-Muselier.jpg FNFL-Auboyneau-inspeccionando-el-LEOPARD-en-1942.jpg
 

Itsas armaden zerrendara itzuli