Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 15a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Beste itsas armada lagungarrien zerrenda:

 
Jugoslaviako Askapenerako Herri Ontzidia (1942-45) Jugoslaviako Askapenerako Herri Ontzidia (1942-45)
Itsas armada:
Jugoslaviako Askapenerako Herri Ontzidia (1942-45)
Izena:
Mornarica Narodnooslobodilačke Vojske Jugoslavije
Historiala:

Ardatzeko herrialdeek Jugoslavia okupatu zutenean, erresistentzia mugimendua 1941ean sortu zen era koordinatu gabe batean. Jugoslaviako Alderdi Komunistak antolatutako taldeek Nazio Askapenerako Herri Armada sortu zuten, eta 1942ko azaroan Jugoslaviako Nazio Askapenerako Batzorde Antifaxista fundatu zuten partisanoek kontrolatutako lurraldeak administratzeko. Urtebete geroago Jugoslavian alemaniarren aurka zegoen erresistentzia indar eraginkor bakarra zen. 1943ko azaroan Jugoslaviako Errepublika Demokratiko Federala sortu eta hautsi egin zuen erbesteko jugoslaviar gobernuarekin.

Jugoslaviako ontzidi partisanoa 1942ko abenduaren 18an sortu zen Kroazia aldeko Estatu nagusiari atxikitako Itsas Sekzio moduan. Haren buruan Velimir Skorpik korbeta tenientea (entseinaria), egun batzuk lehenago gerrillarien aldera pasatu zena Kroaziar Itsas Armadako zenbait kiderekin batera. Haien lehen ontziak bi arrantzontzi izan ziren (Pionir, Partizan), italiarrei atzemandako materialez hornituak. Haiekin eta itsas eraso talde batekin xaxatu egin zuten kostaldeko trafikoa italiar hegazkinek gudurako ezgai bihurtu zituzten arte. Ontzi haiek ordeztu egin zituzten, eta italiar kostaldeko trafikoaren aurkako erasoek jarraitu egin zuten. Italiak 1943ko irailean kapitulazioa eman arte ontzi partisanoek 80 ontzi txikiri eraso zieten, eta 37 atzeman.

Italia erori ostean partisanoen itsas indarrak berrantolatu egin ziren. 1943ko urriaren 18an formalki sortu zen Jugoslaviako Askapenerako Herri Ontzidia (Mornarica Narodnooslobodilačke Vojske Jugoslavije), Josip Cerni teniente koronela Komandante zuela, Velimir Skorpik kapitaina Estatu Nagusiburu eta Sergije Makiedo Komisario Politiko. Gerran partisanoek guztira hamazortzi gudu ontzi armatu zituzten (NB-1, NB-2 Koca, NB-3 Jadran, NB-4 Topcider, NB-5 Ivan, NB-6 Napredak, NB-7 Enare II, NB-8 Kornat, NB-9 Biokovac, NB-10 Sloga, NB-11 Crvena Zvijezda, NB-12 Borac, NB-13 Partizan, NB-14 Pionir, NB-15, NB Partizanka), 67 patruilontzi eta 200dik gora garraiontzi, lehorreratze txalupa eta unitate lagungarri. Haren kontrolpean zegoen orobat itsas infanteria, kosta artilleria eta Sava eta Danubioko ibai ontzidiak, 1944an antolatuak, beste 30 ontzirekin. Guztira, 14.000 gizon-emakume 1945ean.

Gerrak iraun zuen artean 65 ontzi etsai atzeman eta beste 70 matxuratuak gertatu ziren, eta beraiek hamar gudu ontzi, hamalau patruila ontzi eta hamarka batzuk ontzi txiki eta lagungarri galdu zituzten. 1945eko martxoaren 1ean Itsas Armada partisanoa ofizialki Jugoslaviako Itsas Armada bilakatu zen. Gerra amaitutakoan, ontzi partisanoak jatorrizko armadoreei itzuli zitzaizkien; Itsas Armada berria, berriz, beregain hartu zituen Jugoslaviako Errege Itsas Armadarenak ziren ontziak.

 
NB-3---JADRAN-en-1944.jpg NB-9---BIOKOVAC-navegando-junto-a-Vis.jpg
 

Itsas armaden zerrendara itzuli