Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 23a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Beste itsas armada lagungarrien zerrenda:

 
Tamil Eelam-eko Itsas Tigreak (1992-2009) Tamil Eelam-eko Itsas Tigreak (1992-2009)
Itsas armada:
Tamil Eelam-eko Itsas Tigreak (1992-2009)
Izena:
கடற்புலிகள்
Historiala:

Tamildar gerrillak Sri Lankaren aurkako gerra hasi zuen 1983an, Eelam estatu independentea eratzeko helburuz. 1984tik aurrera arrantzontziak erabiltzen hasi zen Palk itsasartea zeharkatzeko, Indiatik gerrillariak, armak, munizioak eta beste hornidura garrantzitsu batzuk garraiatuz. 1987an Tigre Beltzak sortu ziren, bi sexuetako gazteek osatua. Gazte haiek oso motibatuta zeuden eta eraso suizidak egiten zituzten garrantzi handiko jomugen aurka; 1990etik aurrera eraso haietako batzuk itsas jomugen aurka egin ziren.

Itsas Tigreak 1992ko uztailean fundatu ziren ofizialki, Thillaiyampalam Sivanesan “Soosai” koronelaren agindupean, eta hasieran arma arinak zeramatzaten beira zuntzezko ontzi txiki talde bat izan zuten. Itsas Tigreek hasieratik oso kanpaina oldarkor bat egin zuten Sri Lankaren Itsas Armadaren aurka, eta eraso zien haien base eta gerraontziei eta haien lurraldetik hurbileko urak zeharkatzen zituzten merkataritza ontziei. Arduratu ziren orobat tropa edo hornigaiak garraiatzeaz, beren konboiei eskolta egiteaz edo lehorreratze anfibioak egiteaz. 2002an Sri Lankako gobernuarekin su-etena sinatu zutenean Itsas Tigreek 25 gerraontzi hondoratu zituzten, besteak beste Jayesagara Sri Lankako bandera ontzia (94-9-19), eta beste hamar atzeman. Itsas Tigreek oso areagotu zuten beren indarra gerran, artilleria eta granada-jaurtigailuz armatutako kanoiontzietatik itsaspeko eta tropak garraiatzeko ontzietaraino zeuzkaten, baita giza igel unitateak eta itsas infanteria ere; guztira, 3.000 gizon-emakume inguru.

2006an hasi zen gerra. 2007an, Sri Lankako Itsas Armadak, satelite txinatar eta mendebaldekoetatik hartutako informazioari esker, gerrillak itsaso irekian hornidura lanerako zeuzkan ia ontzi guztiak kokatu eta hondoratzea lortu zuen. Horrek izugarri murriztu zituen haien hornigaiak, eta armategia berritzeko haien gaitasuna; horregatik, Sri Lankako indarrek azkenean garaipena lortu zuten 2009ko maiatzean. Haien burukide gehienak, Itsas Tigreen buru eta lider goren Velupillai Prabhakaran barne, hil egin zituzten azken erasoan (09-5-18/19).

 
Cannonera-de-los-Tigres-del-Mar-en-2005.jpg Mujeres-tripulando-una-cannonera-de-los-Tigres-del-Mar-2005.jpg Submarino-de-los-Tigres-del-Mar-2008.jpg
 

Itsas armaden zerrendara itzuli