Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 21a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

Beste itsas armada lagungarrien zerrenda:

 
Feniar Itsaontziak (1866-83)
Itsas armada:
Feniar Itsaontziak (1866-83)
Izena:
Fenian ships
Historiala:

Feniar mugimendua, XIX. mendearen erdialdean sortua, irlandar erakundeen multzo batek osatu zuen, eta haien helburua zen Irlanda okupazio britainiarretik askatzea eta Errepublika independente bat sortzea. Mugimenduan zeuden erakundeen artean honako hauek zeuden, besteak beste: Irlandar Anaiarte Errepublikarra (Irish Republican Brotherhood), Irlandan eta Britainia Handian ziharduena, edo Feniar Anaiartea (Fenian Brotherhood) eta Familia Gaelikoa (Clan na Gael), Estatu Batuetan zihardutenak. 1866 eta 1885 artean ekintza armatu ugari antolatu zituzten jomuga britainiarren aurka, haien artean zenbait sarraldi Kanadan estatubatuar mugatik (1866-71), altxamendu bat Irlandan (1867) eta bonba kanpaina bat Ingalaterran (1881-85).

Feniarrak ez ziren itsas indar bat antolatzera iritsi, baina ontziak erabili zituzten beren operazio batzuetan. Feniarren itsas jardueraren lehen berriak 1866koak dira, Friend goleta feniarrak goleta britainiar bati eraso zionean Long Island parean (66-5-1). Urtebete geroago Feniar Anaiarteak Jacmel briga bidali zuen New Yorketik, gero Erin’s Hope bataiatu zutena, Irlandako IRBko matxinatuentzako armez beteta. Itsasoan 109 egun eman, lau lurreratze egin eta 9.265 milia itsastatu ondoren, New Yorkera itzuli zen (67-4-12/8-1). Hura atzeman nahian zebiltzan hiru britainiar kanoiontzi hondoratu egin ziren ahaleginean.

1869n IRBko feniar batek, 1867ko altxamenduan atxilotua eta Australiara deportatua, ihes egitea lortu zuen, eta Bostonera egin zuen iparramerikar baleontzi batean gordeta. Egitate horretan oinarrituta, Clan na Gaelek erreskate operazio izugarri konplexu bat antolatu zuen Catalpa baleontziarekin. Ontzia Massachussetseko New Bedfordetik abiatu zen (75-4-29) eta, bidaia luze baten ondoren, Australiara iritsi zen hamaika hilabete geroago, bai Fremantle-ko presondegitik ihes egindako 6 feniar salbatu (76-4-17) eta New Yorkera itzultzea lortu ere, ontzi britainiarren zaintza saihestuta (76-8-19).

Baina beharbada itsas operazio harrigarriena izan zen itsaspeko bat lortzeko saioa, harekin Royal Navyko ontziei erasotzeko. Horretarako, Feniar Anaiartea irlandar emigratu batekin jarri zen harremanetan, John Philip Hollandekin, eta hark 1878n eraiki zuen lehen prototipoa. Saiakera arrakastatsu batzuen ondoren, Anaiarteak ontzi handiago baten eraikuntza finantzatu zuen, azkenean Hudson ibaian uretaratu zutena 1881en. Ontzia Fenian Ram bataiatu zuten (Feniar ahari-burua), eta egindako proba guztiek arrakasta izan zuten. Baina desadostasunak sortu ziren Anaiartean ontziaren finantzazioaz eta erabilera onenaz, eta horren ondorioz talde batek ontzia hartu eta Connecticuteko New Havenera eraman zuen ezkutuan, 1883ko azaroan. Hollanden laguntzarik gabe hura maneiatzeko ezgai baitziren, ontziak urteak eman zituen ezkutatuta. Azkenean Irlandako 1916ko gertakariei esker berreskuratu ahal izan zuten, eta New Yorkeko Madison Square Gardenen ikusgai jarri, Pazkoko altxamenduko biktimentzako dirua ateratzeko. Ontziak ikusgai jarraitu zuen parke publiko batean urte askotan, eta azkenik 1980an New Jerseyko Paterson Museora joan zen, eta hantxe dago gaur egun ikusgai.

 
Ballenero-Catalpa.jpg Fenian-Ram-Ariete-Feniano-de-Hollland.jpg
 

Itsas armaden zerrendara itzuli