Euzkadi’ko Gudontzidiaren Laguntza’ko Ontzitaldea (1936-37)
Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoakultura
2024ko azaroaren 21a

Euzkadiko Gudontzidia
(1936-39)

EUSKAL ITSASGIZONAK FRANTZIAKO ITSAS INDAR LIBREETAN

Alemanek 1940ko maiatzean Frantzia inbaditzeak aliatuen porrota ekarri zuen lur frantziarrean, baita Vichyn kokatuko zen gobernu berriak ekainaren 22an errenditze armistizio bat sinatzea ere. Aurreko Defentsa ministroak, Charles de Gaulle jenerala, Londresera ihes egitea lortu zuen egun batzuk lehenago, eta ekainaren 18an BBCtik deialdi bat egin zien frantziarrei borrokan jarraitzeko Frantzia askatu arte. Britainia Handian zeuden frantziar militarretatik gutxi batzuek egin zuten bat Frantzia Librearekin; gehienek aberriratuak izatea lehenetsi zuten.

Nahiz eta atxikimenduak mugatuak izan, 1940ko udan De Gaullek 3.000 soldadu, 900 bat itsasgizon eta 400 hegazkinlarik osatutako lur indar txiki bat biltzea lortu zuen. Handik gutxira, mugimenduarekin bat egiten jarraitu zuten zenbait frantziar koloniek eta gerran ez zeuden herrialdeetako kausa aliatuaren aldekoek. Hiru urte pasata, haren indarrak 50.000 gizon-emakume barne hartzen zituen Itsas Armadan (zibil zein militarra), 3.200 Aire Armadan, 4.700 Erresistentzian eta beste 1.900 mundu osoan barreiatutako babes batzordeetan. Kopuru horietatik erdia baino gehiago Frantziatik kanpo jaiotako herritarrak ziren: ia 32.000 kolonietatik zetozen (batez ere Saharaz hegoaldekoak), eta beste 5.000 inguru hainbat nazionalitatetakoak ziren, nagusiki europarrak eta latinamerikarrak.

FRANTZIAKO ITSAS INDAR LIBREAK

Frantziako Itsas Indar Libreak (FNFL) 1940ko ekainaren 27an sortu ziren, Émile Muselier amiralordea Marseillatik Gibraltarrera iritsi eta 4 zamaontzi eta arrantzontzi bateko eskifaiekin eta Frantziatik armistizioaren ondoren ihes egindako ehun bat hegazkinlarirekin bildu zenean. Denak agertu ziren borrokarekin jarraitzeko prest, De Gaulle jeneralak egindako deialdiaren ildotik. Muselierrek Londresera egin zuen, eta talde hura De Gaulleren aginduetara ipini zuen; hark, uztailaren 1ean izendatu zuen Frantziako Itsas Indar Libreen (FNFL) buru, eta aldi baterako Frantziako Aire Indar Libreen (FAIL) buru.

FNFL haietara bildu ziren Frantzia Libreko bai gerra itsasontziak bai merkataritza ontziak. Gehienak ontzi frantsesak ziren, Ingalaterrako portuetan babes hartutakoak eta gobernu britainiarrak De Gaulleren eskuetan jarri zituenak. FNFLek ez zuten inoiz jende nahikorik izan, ezta ordezko piezarik ere, entregatutako ontzi guztiak zerbitzuan jartzeko. 1942ko ekainean aktibo zeuzkaten 40 gerraontzi (eskura zeuden 65etik) eta 67 merkataritza ontzi (170etik). Kuartel nagusia Londresen zegoen, eta lanean jardun zuten britainiar baseetatik eta Afrika, Amerika, Ekialde Hurbil eta Pazifikoko hainbat portu kolonial frantsesetatik.

Aliatuek Maroko, Aljeria eta Tunez okupatu ondoren, Frantzia Libreak bat egin zuen Ipar Afrikako Giraud jeneralaren aginte zibil eta militarrarekin, eta Nazio Askapenerako Frantziar Batzordea sortu zen, egoitza Aljerren zuena. 1943ko abuztuaren 3an FNFLek bat egin zuten Ipar Afrikako Itsas Indarrekin Askapenerako Frantziar Itsas Armada berria eratzeko. Base britainiarretatik lanean jarraitu zuten unitateak talde moduan antolatu ziren; Britainia Handiko Itsas Indar haiek lehengo FNFL haien espirituari eutsi zioten gerra amaitu arte.

De-Gaulle-inspeccionando-el-contratorpedero-Leopard--se-detiene-frente-al-medico-Angel-Agirretxe.jpg
El general De Gaulle inspeccionando el contratorpedero Leopard, se detiene frente al médico Angel Agirretxe.

EUSKALDUNAK F.N.F.L.ETAN: EUSKAL-FRANTZIAR ITUNA

De Gaulle jeneralaren deialdiari erantzun zioten lehendabizikoen artean zenbait euskal itsasgizon zeuden. 1940ko uztailaren 1ean armadan izena eman zuten Pierre Dupin, Max Martín Ibarlucia, Jean Le Gasse, Paul Leremboure eta René Miremont lapurtarrek eta Nafarroa Behereko Armand Mailharin, garai hartan Frantziako Gerra Itsas Armadan edo merkataritza ontzidian zerbitzatzen zutenak. Hurrengo egunetan, urte hartako udan, hogei bat lagun gehiagok eman zuten izena FNFLetan. Haien artean emakume bat zegoen, Donibane Lohizuneko Marthe Marie Larramendy, eta izena emandako Hegoaldeko lehen euskalduna, Juan Antonio Castro Izaguirre tolosarra, itsasontzi tenientea Errepublikaren Itsas Armadan, gerra zibilean Ciscar eta José Luis Díez destroierretan komandante izandakoa: FNFLetan Pazifikoko kanpaina osoa egin zuen Triomphanteko ofizial gisa.

1941eko maiatzean, Euskal Kontseilu Nazionalak, aldi baterako Euskal Gobernua ordeztu zuena, lankidetza itun bat sinatu zuen Frantzia Librearekin. Akordio haren ondorioz, euskal unitate militar bat eratzera iritsi ziren FNFLen barruan 1941ean, Itsas Fusilarien 3. Batailoia. Batailoia euskal ofizialek edo espainiar errepublikarrek eta jatorri askotako erreklutek, batez ere latinamerikarrak, eratzen zuten. Ingelesen presioek, saihestu egin nahi baitzuten Francoren Gobernua gerran sartzera anima zezakeen edozein ekintza, unitatea bertan behera geratzea ekarri zuen, instrukzioa osatu gabe, eta guduan ere sartu gabe. Haietako parte hartzaileak Frantziako Itsas Indar Libreetako eta Armadako beste unitate batzuetara pasatu ziren banaka-banaka.

Euskal itsasgizonen atxikimenduek ez zuten etenik izan FNFLen bizitzako hiru urteetan. Hainbat mendetan lehenbiziko aldiz, Bidasoaren bi aldeetako euskaldunek elkarren ondoan borrokatu ziren, alde berean eta unitate berean. FNFLetan izena emandakoen artean 70 bat euskal itsasgizon daude: 44 lapurtar, beste bi lapurtar Asian jaioak, 6 baxenafartar, 7 zuberotar, arabar 1, 6 bizkaitar, 3 gipuzkoar eta hegonafar 1, eta horiei gaineratu beharko litzaieke biarnotar euskaldun 1 gutxienez. Adin guztietako boluntarioak ziren. Gazteena, Biarritzeko Gerard Brett, 18 urteak bete gabe sartu zen. Zaharrenak, Errenteriako Jose Salaberria, ia 62 urte zituen izena eman zuenean.

Itsas unitate eta lehorreko gune militar guztietan banatuta zeuden. Talde handiena Itsas Fusilarien 3. Batailoian bildu zen; bertan, 8 euskaldunez gain, ezagutzen ditugu bertan izandakoen izenak, 11 espainiar errepublikar, 5 frantziar eta 50 latinamerikar (Uruguai, Txile, Kolonbia, Argentina eta Nikaraguakoak). Gainera, Latinamerikako euskal etxeetan gutxienez beste 110ek eman zuten izena (Kolonbia, Uruguai, Costa Rica, El Salvador, Mexiko, Argentina, Honduras, Guatemala, Peru…), eta beste berrogeita hamar inguruk ziharduten frantziar unitate libreetatik aldatuak izatea eskatu zuten. Euskaldun ugari egon ziren beste unitate batzuk izan ziren Itsas Fusilarien 1. Batailoia, 13 pasatu baitziren bertatik; Commandant Duboc agindu ontzia, zeinean 6k zerbitzatu baitzuten, eta Triomphant torpedo aurkako ontzian 4 izan ziren. Euskal ofizialetatik, bakar bat, Max Martin Ibarlucia, izan zen FNFLetako ontzietan buru, hain zuzen ere itsaspekoen aurkako CH10 Bayonnen, 1940 eta 1943 artean, eta harekin parte hartu zuen ekintza ugaritan Mantxako kanalean, Bruneval (42-2-28) eta Dieppe (42-8-19) aurkako erasoetan, besteak beste.

ODOL ZERGA

Nazismoari aurre egiteko euskaldunak FNFLetan aritzeak izan zuen bere ordaina giza bizitzatan. Hamaika itsasgizon gazte (9 lapurtar eta 2 baxenafartar) hil ziren zerbitzua ematen gerran. Eroritako lehenak Baionako merkataritza ontzidiko bi itsasgizon izan ziren: Louis Detrez artillerialaria, Brin itsaspeko italiarrak Atlantikoan Djurdjura merkataritza ontzia hondoratu zuenean (41-6-3) hil zen, eta Pierre Dupin ofizial mekanikaria, Félix Roussel baporekoa, Suezen (Egipto) hil zen, zerbitzuan harrapatutako eritasun bat zela medio (41-7-22).

1942n hil ziren Laurent Picabea kontramaisu elektrikaria, Hendaiakoa bera, Mexikoko Golkoan Surcouf itsaspekoa istripuz hondoratu zenean (42-2-18); Armand Mailharin kontramaisu artillerialaria, Lüküzekoa, Vikings patruila ontzia U-81 itsaspekoak torpedoz eraso zionean Saidaren parean, Mediterraneoan (42-4-6); Baionako Edouard Lasbordes itsas fusilaria, italiarrek Bir Hakeim-en (Libia) atzemanda, preso aliatuak zeramatzan Nino Bixio itsasontzi italiarra Turbulent itsaspeko britainiarrak torpedoz jo zuenean Mediterraneoan (42-8-17), eta azkenik, Bernard Crouzat estseinaria, baionarra hura ere, hil zen Fidelity britainiar gurutzontzi lagungarria, eskifaia FNFLkidez osatua, U-435 itsaspeko alemanak torpedoz jo zuenean Atlantikoan (42-12-30).

1943n Takoradi-n (Ghana) istripuz itota hil zen Hazparneko Pierre Partarieu merkataritza marinela, Désirade baporekoa (43-1-29), eta handik hilabete batzuetara Jean Pierre Graille, Donibane Lohizuneko entseinaria, Mexikoko Golkoan desagertu zen 6. Esplorazio Flotillako Catalina hidroabioian gauez entrenamendu hegaldi batean ari zela (43-7-17). Azken hildakoak marinelak ziren, Gérard Brett, Biarritzekoa, Georges Ibañez, Ortzaizekoa eta Maurice Etcheverry, Ziburukoa, La Combattante destroierra, Britainia Handiko Itsas Armadakoa eta jatorriz FNFLetatik zetorren eskifaia zeramana, Humber itsasadarrean (Ingalaterra) mina batekin talka egin eta hondoratu zenean hil baitziren (45-2-23).

SAINT PIERRE ET MIQUELONEKO «EUSKALDUNAK»

Panorama ez legoke osatuta «beste euskaldunak», Saint Pierre et Miquelonekoak, hizpide hartuko ez bagenitu. Saint Pierre et Miquelon, euskal sustrai argiko izena bera, Ternua uhartetik (Kanada) 14 miliara bakarrik dagoen Frantziar subiranotasun peko artxipelago txiki bat da. Mende askoan euskal arrantzaleek base gisa erabili zuten, eta gero ur haietan baleagintzan zebiltzan normandiar eta bretoiek. Hori dela-eta, gaur egun Saint Pierre et Miquelonen bandera eta armarrian hiru kuartel agertzen dira, ikurrina eta bandera normandiar eta bretoiarekin.

1941eko abenduaren 24ko egunsentian, FNFLetako flotilla batek (Mimosa, Alysse, Aconit korbetak eta Surcouf itsaspekoa), Muselier amirala buru zuela, inongo erresistentziarik gabe okupatu zuen artxipelagoa Frantzia Librearentzat. Jendeak, garai hartan 4.300 biztanle inguru izango ziren, gogo biziz besarkatu zuen aliatuen kausa. St. Pierre et Miqueloneko 350 gizon eta 53 emakume, erraz esaten da, sartu ziren beren kabuz FNFLetan hurrengo hilabeteetan; eta hori kontuan hartu gabe uharte haietan bizi ziren beste jatorri batzuetako ehun eta koska lagun, haiek ere izena eman zutenak. Izena emandakoen arteko asko oso gazteak ziren: 63 mutil eta 12 neska 18 urte bete gabeak ziren izena eman zutenean. Dozena batetik gora mutilek ez zuten ezta 14 urte ere, eta gazteena, Martin Walsh, 11 urte besterik ez zuela sartu zen FNFLetan, bere hiru anaien urratsei jarraiki. Izena ematen zaharrena, Pierre Louis Serignac, 72 urte zituela sartu zen, eta eritasun batek eraman zuen 1943n. S. Pierren izena eman baina bertakoak ez zirenen artean Jose Salaberria zegoen, Errenteriakoa, aipatua izan dena.

Uhartetar gehienak artxipelagoaren defentsa unitateetan aritu ziren, gizonak, txalupa motordunetan eta itsas armadako infanterian, eta emakumeak, dekodetze zerbitzuetan, komunikazioetan eta osasunean. Baina talde handi samar bat itsasoratu egin zen Frantzia Librearen korbetetan, konboiak babesten ari zirenak Atlantikoan. Eta haietan gertatu ziren biktima gehienak St. Pierre et Miqueloneko itsasgizonen artean: 5 Alysse korbetan, U-654 itsaspeko alemanak torpedoz joa (42-2-8) eta 15 Mimosa korbetan U-124 itsaspekoak torpedoz jo zuenean (42-6-9). Beste 5 itsasgizon gehiago hil ziren gerran, istripuz edo gaixotasunen batez. Ordain latza hain populazio urri batentzat.

10-Homenaje-a-los-caidos-de-las-FNFL-en-St.-Pierre.jpg
Homenaje a los fallecidos de las FNFL de Saint Pierre et Miquelon.


Juan PARDO SAN GIL

 

Itsas armaden zerrendara itzuli